Blogetan! Euskal blogarien topaketako mahai ingurua: Blog garapena

Blogetan! Euskal blogarien topaketako mahai ingurua: blog garapena
4/5 – (1 vote)

Joan den ostegunean, Azkue Fundazioak Euskararen Etxean antolatu zuen “Blogetan! Euskal blogarien topaketako mahai inguruan” parte hartu nuen. Bertan blog garapenaren inguruan hausnartu genuen Urtzi Odriozola, Arkaitz Sukuntza, Eli Garcia eta laurok, moderatzaile lanetan, modu ezin hobean gainera, Estitxu Garai ibili zen. Hamaikatxo blogari etorri ziren jardunaldira eta burua eragiteko aukera paregabea izan zen.

Aste honetako blog bidalketa nahita atzeratu dut, gaur arte. Ekarpen interesgarria eta sakonagoa egiteko asmoz, denbora gehiago behar nuen, zuon gustukoa izango delakoan nago. Ekarpen bezala Blogetan! mahai inguruan erabili nituen apunteak (bai, mahian ezkutatu ezin izan nituen horiek) pixka bat garatu eta galderak idatziz erantzutera animatu naiz, seguru aski hitzez baino askoz hobeto egingo dut eta!

Animatuko gara honen inguruan gehiago sakontzen?

Blogetan garapen mahai ingurua

SEO: euskal blogarion erronka

Zein da egun euskarazko garapen, eta zehatzago blogen erronka, bilatzaileetan lehenengo postuetan agertzeko?

Blogen kasuan, gakoa freskotasunean dagoela esango nuke. Blog edukiak interesgarriak izan behar dira irakurleentzat, azken finean irakurriak izateko idazten ditugun testuak dira. SEO, mundu mailako bilatzaile garrantzitsuenek aintzakotzat hartzen duten behar izan oso garrantzitsua dela esango nuke. Horretaz gain, eta edukiekin jarraituz, interesgarria da publikazio maiztasun zehatz bat lantzea, Google-ek, adibidez, oso kontuan hartzen du gai hau.

Testua SEO-ra bideratu behar dugu, baina horrek ez du esan nahi SEO-an bakarrik pentsatu behar dugunik. Gai horren inguruan dauden gako hitzak aztertu beharko genituzke, eta tranparik egin gabe gure testua posizionatu nahi dugun hitz gako horiekin jantzi. Lan horretan ikaragarri lagungarri izango duzue Yoast plugina, probatu.

Sare sozial digital korporatiboak (Twitter, Facebook eta ahaztuta daukagun Google  + modu berean) garrantzitsuak dira SEO-arentzat. Azken aldi honetan txioak ere indexatzen ditu Google-ek. Beraz, hauek gure bloga hobeto posizionatzeko eta bisitak erakartzeko erabiltzea aukera polita ere bada.

Jaramon askorik egiten ez diogun gai honek ere SEO-a hobetzen lagunduko digu: behar izan teknikoak artatzea. Zerbitzariaren erantzun denbora, irudien optimizazioa, bertsio mugikorra izatea… ezinbestekoak diren lanak dira gaur egun.

Bukatzeko, gure kasuan, .eus domeinua izateak ere lagunduko digula ere aipatu zuen Lorea Arakistainek bere sarean.eus-eko azken bidalketan. Ez da kontu erromantiko bat, teknikoa da.

Zure pasioa blog bihurtu

Pluginak eta horrelako baliabideak: Euskarazko plugin erabiltzaile nahikorik dago? Masa nahikoa al dago hauen garapena bultzatzen dutena? Nondik sortzen da etekina? Zenbateko erabiltzaile minimo behar izango litzateke plugin bat garatzeko eta errentagarria izateko? Adibidez: PLUGIN eleanitza/multihizkuntza eta automatiko bat sortzeko, garatzeko, kostea eta etekina.

Jardunaldi hauetan ikus daitekeen moduan blogari asko ditugu gurean. Euskaldunok kultur sortzaile amorratuak garela esango nuke eta beraz datu zehatz bat ematea ezinezkoa egiten bazait ere, blogari asko daudela esango nuke.

Blogentzako pluginak garatzeko orduan bada oso interesgarria den kontzeptu bat: lokalizazioa, hau da, hizkuntza aniztasuna. Plugin bat garatzeko ideia baduzu, lokalizazioa kontuan hartzea interesgarria da. Ez mugatu bakarrik euskaraz idazten duten blogei, hori bai: plugina euskaratu. Nik WordPress plataforma askea aukeratuko nuke, zalantza izpirik gabe.

Mundu mailan garatzen diren webguneen % 23.4 WordPress erabiltzen dute CMS moduan, hau da, oso estandarizatuta dagoen CMS-a da. Egunero 1.5 milioi bidalketa berri idazten dira WordPress plataforma desberdinetan eta bilatzaileetan, WP eta WordPress hitz gakoek 37 milioi bilaketa erantzun eskaintzen dute hilean. Datu hauek kontuan hartuta merkatua egon badago. Ez duzue uste? Eta zer esanik ez, WordPress 51 hizkuntzetara itzulita dagoen CMS-a da. Tartean euskara, Librezaleko kideen lanari esker.

Etekinari dagokionez, bi etekin mota bereizi behar ditugula deritzot, ekonomikoa eta soziala. Hau da, alde batetik garapen jakin batengatik jaso genezakeen dirua, eta bestetik plugin horrek komunitatean izan dezakeen eragina.

Lehen etekinari dagokionez, ekonomikoa, pluginen erabilera aurreratuak egiteagatik, hau da, premium izateagatik, ordaindu ohi den plugina da. Bi adibide:

  • Yoast SEO: Premium atala ordaintzen baduzu, hitz gako bat baino gehiagotan jarri dezakezu bidalketaren SEO fokoa, birbidalketak egiteko gehigarri bat ematen dizu, barne estekak kudeatzeko gehigarria eta noski, iragarkiak kenduko dizkizu. Plugin honen erabilera intentziboa egiten duzu? Ba orduan baliteke ordaintzea interesgarria izatea.
  • W3 total cache: Cache kudeaketa egiteko plugin hau erosten baduzu, cache hobea lortzeko plugin desberdinak eskuratu ahal izango dituzu, CDN bat erabiltzeko aukera eskaintzen dizu eta cache banatua sortzeko aukera eskaintzen du, besteak beste. Zure blogaren bizkortasunak garrantzia du zuretzat? Ba orduan baliteke ordaintzea interesgarria izatea.

Honelako pluginei ekonomikoki etekina ateratzea posible da, baina kontuan hartu ez direla garapen eta mantenu errazak, gainera, garatzeko jakintza tekniko aurreratuak eta denbora inbertsioa eskatzen dute.

Etekin sozialari dagokionez ideia batekin natorkizue. Askok jakingo duzuen moduan PuntuEUS Fundazioak labur.eus, URL-ak mozteko zerbitzua, martxan jarri du. Momentuz ez dago gure blogetako URL-ak automatikoki hartzerik eta labur.eus erabilita laburtzeko lagungarri dugun pluginik. Horretarako, labur.eus-en API-a erabili beharko litzateke eta Euskal Herrian eragin ikaragarria izango lukeen plugin bat izango litzatekeela uste dut. Norbait animatzen bada badu lana 🙂

Itxurak garatzea beste aukera bat izango litzateke, izan ere, blog guztiek itxura bat behar dute. Egiten errazak dira, behintzat, diseinatzaileak baldin bagara, eta WordPress sistemara pasatzeak ez luke luze jo beharko. Nahikotxo itxura market existitzen dira eta garatutako itxura hori 60-80 € bitartean saltzeko aukera eskaintzen dute. Gogoan hartu, behin itxura eginda bat baino gehiagotan saldu genezakeela.

Baina zalantzarik gabe, web garapenean lan egin nahi baduzue eta fakturak ordaindu, enpresa asko daude gurean WordPress oinarritzat hartuz web garapenak egiten dituztenak. Hor ere aukera polita dago, lanean hasteko zein ikasteko.

Blogen etorkizun banatuari dagokionez

Blogen etorkizunari buruzko azken ikerketek adierazten dutenaren arabera, blogek osagai soziala izango dute; diseinua ez da funtsezkoa izango eta irakurleak erabakiko du, ikusiko duen gailu edo baliabidearen arabera, nola ikusi nahi izango duen. Tent bezalako protokoloek etorkizuna direla uste duzue?. Horri lotuta, gaur egun bogan dauden feed-ak jarraitzeko aplikazioek (edo beste baliabide batzuk, adibidez, Medium) eskaintzen dizkiguten baliabideak direla eta, blog bakoitzaren nortasun edo irudiak ardura dauka?

Pozgarria da 20 urte eta gero RSS-ak erabiltzen hasiak izatea, ezinbesteko teknologia blogen arteko komunitatea sortzeko. Eskerrik asko Aaron Swartz.

Egia esan ez nuen Tent delakoa ezagutzen, hortaz, kuxkuxeatzen hasi nintzen eta 2015etik izoztuta dagoela ematen du.

Edonola ere, horrelako ekimen asko egon izan dira denboran zehar eta nire ustez ez dute fruitu emankorrak eman, hau da, periferian geratu dira. Bi arrazoi nagusi ikusten ditut arrakasta eza ulertzeko, lehenik eta behin, sare sozial korporatiboek ez daukate inolako interesik beraien dependentziarekin bukatzeko. Eta bigarrenik arazo praktikoa dago, protokolo libreen federazioak onartzen duten zerbitzu desberdinek (Jabber, SMTP, Open ID…) ostalari-bezero dibertsitatea dela eta funtzionalitate berrien onarpena eta zabalkuntza estandarizatzea ez da lan erraza. Praktikan behin baino gehiagotan ikusi den gai bat da, adibide konkretua jartzeagatik, OpenID protokoloa hainbat enpresek erabiltzea lortu duen estandar ireki bakarrenetako proiektua izan da, baina enpresek ez dute ia inoiz sareen arteko interoperabilitatea lortzeko erabiltzen eta hori zen protokoloaren helburua…

Kritikoa izan banaiz ere, federazioaren aldekoa naizela argi utzi nahi dut. Software librean oinarritzen diren proiektu askok gai honetan jartzen dute ipar-orratza, hau da, dependentzia eza sortzen duten softwareak dira.

Diseinuaren inguruan, guztiz ez-ados nago. Blog proiektu baten diseinua eta erabilgarritasuna alde batera ustea akats izugarria dela uste dut. Izan ere, bloga kontsumitzen den gailuan kontsumitzen dela, baita RSS bitartez, izaera pertsonal edo korporatiboa izan beharko luke. Erabilgarritasunari dagokionez, gailu guztietan ondo ikustea bermatu behar duzu. Gure izaera propioa ez du itxurak bakarrik definituko, idazteko daukagun modua ere oso pertsonala da, nola hasi edo bukatzen ditugun blog bidalketak adibidez.

Hortaz, laburbilduz, nortasun propioak garrantzia ikaragarria dauka, nire aburuz.

Web semantikoa

Bilatzaile adimentsuak eta emaitzak euskararen kasuan Ikerketa horien arabera, blogak desagertu ezean, gehiago garatuko dira, web semantikoarekin batera. Nola ikusten duzue hori?

Euskal blogariok pixka bat ahaztuta izan ditugu metadatuak, Dublin core-ak edo sare sozialetako txartelak sortzekoak, adibidez. Gainera ez da bat ere lan zaila metadatu horiek sortzea, lehen aipatu dudan Yoast, lagungarri izango dugu, oso interesgarria den plugina da, probatu. Baina… euskaldunok egiten al ditugu gure bilaketak euskaraz? Hau da, Interneten gure lehen hitza euskaraz al da?

Azken hausnarketak

Euskaraz idazten diren blogak, sare edo plataforma bakar batean bilduta egon beharko liratekeela uste duzue?

Ez da erantzun erraza, izan ere edukien bikoizketa ekarriko luke horrek eta bilatzaileek hori zigortzen saiatzen dira, baita lortu ere. Beste alde batetik lizentziak ere hor daude, Azkue Fundazioaren laginean ikusi dugun bezala, blogari guztiek ez dute Creative Commons erabiltzen. Agian lizentzia askeak sustatuta eta edukia berridatziz konpondu daiteke hau.

Badira urte batzuk Euskal Blogosfera sortu genuenetik, baina, agian lanketa faltagatik, ez zuen arrakasta handirik izan.

Edonola ere, arazo tekniko hauei aurre egiteko proposamen zehatza egingo bagenu oso ideia interesgarria dela uste dut. Bestela begiratu aste honetan bertan Tokikom hedabideek aurkeztu duten gurean.eus, oso erosoa eta erakargarria da, beti ere gaika antolatzen bada.

Nola ikusten duzue euskarazko blogintzaren etorkizuna?

Sendotzen. Sareek YouTuberrak izan behar garela esaten ari dira aspaldi, baina nik neuk ez dut nire burua hor kokatzeko asmorik. Oraindik badira blogariek ustiatu ez ditugun hamaikatxo esparru eta esparru horiek kontsumitzeko interesa duten irakurleak. Beraz, animatu eta blogak sortu.

Beste alde batetik, Googleek ez du Blogroll-a gustuko eta WordPress-ek aspaldi kendu zuen, baina blogari euskaldunon artean berreskuratu behar dugu. Izan ere, elkar ezagutzeko eta komunitatea sortzeko aukera bakarrenetakoa dela esango nuke, honelako jardunaldiak salbu.

Bukatzeko, eta dagoeneko irakurtzeaz aspertu ez bazara, Teketenek Berriako Irlen Sarean idatzitako artikulu hau irakurtzea gomendatzen dizut.

Segi blogetan!

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu:

6 erantzun “Blogetan! Euskal blogarien topaketako mahai ingurua: Blog garapena” bidalketan

  1. Kaixo,

    Galderatxo bat dut. Nire bloga euskarazko bloga da. Batez
    ere programatzaileei zuzenduta. Orain, plugin baten bitartez
    ingelesez ere hasi naiz edukia zabaltzen. http://www.aldakur.eus/en edo http://www.aldakur.net/en
    bitartez atzigarria. Nahiz eta bi hizkuntzen edukia oso
    antzekoa izango den, post guztiak ez dira ingelesez egongo, bai
    ordea euskaraz. Gainera, Ingelesez idazten ditudan postak eta
    euskarako posta ez dira %100 berdinak. Hau da, gaia eta
    helburua berdina da, baina itzulpena ez dut hitzez hitz egiten,
    baizik eta post horretan azaldu nahidudana oinarritzat hartzen
    dut eta beste hitzekin idatzi. Hau kaltegarria izan daiteke
    blogarentzat? gomendagarriagoa litzake beste domeinu bat izatea?
    eta ingelesezko edukia web independente izatea?

    Eskerrik asko!

    1. Kaixo Egoitz!

      Nire ustez edukia ez nahastea ezinbestekoa da, ez bakarrik bilatzaileek HTML-an hizkuntzak ondo kudeatzea nahi dutelako, baita erabiltzailearentzat askoz erabilgarriagoa delako ere. Beraz nire ustez ondo egiten ari zara.

      Blog honen eguneraketa egin nuenean ere modu berean antolatu nuen. Hau da, euskara eta gaztelania erabiltzen ditut eta bakoitza bere azpi-domeinuan: laborategia.eus/ eta laborategia.eus/es/ nire kasuan ez dut inoiz edukia itzultzen. Desberdintasun nabarmena aurkitu dut indexazioan aurrekoarekin konparatuta, non hizkuntz biak domeinu bakarrean nahastuta nituen, kudeaketa berri hau askoz eraginkorragoa da.

      Hizkuntz kudeaketa egokia egiteko qTranslate erabiltzen dut, baina badaude beste asko. Dena den ikusi dudanagatik zurean WPML erabiltzen duzu eta hau ere oso plugin egokia da.

      Hiru oinarrizko gomendio:

      Lehenik eta behin, gomendagarria da head etiketan dauden parametroak hizkuntza eta orrialde edo bidalketa desberdinetara moldatzea, title, description… ni zu izanda hori konponduko nuke, izan ere beti daukazu title etiketa berdina. Bigarrenik, blogeko eduki estatiko guztia itzuli beharko zenuke (albo-barra adibidez). Eta bukatzeko, CMS-tik URLak sortzen dituzunean ere, oso garrantzitsua da hizkuntz bakoitzeko URL propioa izatea edukia itzuliko baduzu (etiketa, kategoria… guztiekin), azken hau ondo kudeatzen ari zarela dirudi baina birpasatu etiketa eta kategoriak, bada ezpada.

      Beste domeinu bat beharrezkoa den? Ez kasu honetan behintzat. Beste estrategia bati erantzuten badio bai, baina momentu honetan modu egokian kudeatu dezakezu, beraz nik ez nuke horregatik bakarrik beste domeinu bat erosi eta kudeatuko. Izan ere domeinu berria erosita, azpi-domeinu baten lortuko zenezakeen eragin berdina izango duzula esango nuke (eta SEO lan bikoitza izango litzateke) eta zure kasuan, momentu honetan, bisita guztiak blog bakarrean zenbatzen dira, horrek ere badu bere garrantzia erreferentzialtasuna lortzerako orduan. Aukeratu duzun kudeaketa modua erabiliz eta aipatu dizudan aldaketatxo txiki horiek eginda, oinarrizko SEO-ari dagokionez behintzat, ez duzu arazorik izango. Eta oinarri horretatik gutxika-gutxika hobetzen joan.

      Eskerrik asko iruzkinagatik.

      Ondo segi!

      1. Kaixo Egoitz eta Dabid,

        Ni ere Dabidekin ados, ondo ari zara, domeinu bakarrean lan egin, eta azpidirektorio ezberdinetan kokatu edukia hizkuntzaren arabera. Beste domeinu bat izateak lan gehio suposatuko dizu eta ez dut uste zure kasuan zentzua duenik, azken finean, gaia berdina da, aldatzen dena hizkuntza izanik.

        Animo eta nahi duzunean konpartitu zure aurrera pausoak!

  2. BIde batez, nik garatutako itxura erakutsi nahiko nizuke. Bootstrap erabilita garatu det eta seguru akats edo zulo asko dituela, baina pausoz pausoz garapena aurrera ateratzen ari naiz. Kodea hemen https://github.com/aldakur/Paper-Simple-Blog aurkitzen da GPL lizentziapean. Nire blogean erabiltzen dudan itxura da. http://www.aldakur.eus

    1. Ez dauka itxura txarrik, animo!

  3. […] Baina dakizuen moduan bilatzaile gehienek eduki bikoiztuaren kontrako kanpaina hasi zuten eta eduki mota horrekiko tolerantzia 0 daukate. Honen inguruan ere aritu ginen Blogetan jardunaldian. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude