Egunero-egunero erabiltzen dugu gure Android telefono mugikorra: nabigatzeko, txateatzeko, feed irakurlea erabiltzeko, musika entzuteko… eta noizean behin deiren bat ere egiteko gaitasuna daukagu. Gure telefonoa modu seguruan eta pribatutasunean oinarrituta erabiltzeko bederatzi aplikazio aurkeztu nahi dizkizuet gaurkoan.
Telefono mugikorra geure buruak baino hobeto ezagutzen gaitu. Gutaz informazio andana ematen diogu, batzuetan modu kontzientean eta beste batzuetan konturatu gabe. Armiarma sarean gaude arrapatuta.
Android gabe bizi ala sarea irauli?
Gorka Suaiaren abesti honek ezin modu egokiagoan erantzuten du goiko galdera hori. Sarea iraultzeko, edo behintzat pribatutasuna lantzeko hack.in#badakigu informatika elkarte askeko tailerretan erabiltzen ditugun bederatzi Android aplikazio aurkeztuko dizkizuet. Ea app hauek ezagutu eta gero, galderaren erantzuna guztion artean erantzuterik dugun.
Gozemank:
F-droid
Zerrenda honen lehen aplikazioa F-droid izan behar du, izan ere, zerrendan aurkituko dituzuen aplikazio gehienak hemendik jaitsi eta instalatu ahal izango dituzue. F-droid software librea bakarrik onartzen duen aplikazio market bat da, horrek, bertan aurkituko dituzuen app guztiak software librea direla esan nahi du. Hau da, Google Play-n egiten dugun bezalaxe aplikazio desberdinak aurkitzeko eta instalatzeko gaitasuna dauka. Hemendik instalatzen ditugun aplikazio guztiak eguneratuta mantentzeko aukera emango digu.
Orbot
TOR ezagutzen duzuenok badakizue pribatutasunera bideratutako sare hau erabiltzen hasi orduko TOR sarera konektatu behar garela. Orbot, TOR sarera konektatzeko balio duen aplikazioa da. Aukera eta konfigurazio desberdin asko egin dakizkioke, beraz, nabigatu aukeren artean eta zuon behar izanetara egokitu. Root bazarete telefonoan instalatuta dauden aplikazio guztiak TOR-etik bideratzeko aukera izango duzue.
Orweb
Behin TOR sarera konektatuta gaudenean nabigatzaile baten bitartez eguneroko Internet nabigazioan egiten dugun jarduna egiteko aukera eskaintzen digu, hau da, Internet nabigatzaile sinple bat da. Sinplea eta oso segurua.
Bitmask
VPN sare desberdinak erabiltzeko aplikazioa izateaz gain, riseup.net zerbitzua erabiltzen dugunok VPN zerbitzarira konektatzeko erabili behar dugun aplikazioa da. Modu oso erraz baten instalatu eta konfiguratzen da, eta TOR erabili nahi ez dugunean modu seguruago baten nabigatzeko gaitasuna eskaintzen digu.
Esan bezala aplikazio hau erabiltzeko riseup.net erabiltzaile kontu bat behar izango duzue.
K9 mail
Android sistema eragilean erabili dezakezuen e-posta bezero librea, besteak beste, GnuPG erabiltzeko aukera eskaintzen duela da interesgarria. Aplikazio honekin gure e-posta guztien kudeaketa egiteko aukera eskaintzeaz gain, GnuGP erabiltzaileak bagara mezuak zifratu eta deszifratzeko ere aukera izango dugu.
OpenKeychain
Ez da oso aplikazio ezaguna baina ezinbestekoa da telefono mugikorrean GnuPG erabili nahi badugu. Kontaktua GPG giltz publikoak kudeatzeko aukera eskainiko digun aplikazioa da.
Signal
Pribatutasuna helburu duen Android aplikazioa duzue Signal. Mezu zifratuak bidaltzea eta dei zifratuak burutzea (VoIP) ahalbideratzen du.
Telegram
WhatsApp-ekin erkatu dezakegun mezularitza aplikazioa (WhatsApp bera baino funtzio gehiago ditu). Telegram-ek, WhatsApp-ek ez bezala, ez omen du erabiltzailea zelatatzen. Zergaitik utzi beharko zenuke WhatsApp erabiltzeari?
KeePassDroid
Zuon pasahitzak modu egokian kudeatzeko aukera ahalbideratzen duen softwarea, Android-en erabiltzeko gaitasuna eskaintzen digu aplikazio honek. Pasahitzak modu seguruan nola kudeatu ikasi nahi duzu?
Utzi erantzuna