Rate this post

[puntueuskolaborazioa]

Egunero erabiltzen dugun gadget bat egotekotan, telefono mugikorra izango da zalantza izpirik gabe. Librezalen hau badakite, eta gero eta pertsona gehiago software librera eta euskarara erakartzeko asmoz, proiektu oso egoki bat plazaratu dute. Baina proiektua zein den azaldu orduko, utz nazazue Librezale zer den pixka bat azaltzen.

Librezale.eus webgunean ikus dezakezuenez: Librezale euskara informatikaren munduan bultzatzea helburu duen lantalde irekia da. Parte-hartzea sustatzen duen taldea da eta norberaren jakintza eta denboraren arabera parte-hartzeko bide desberdinak ditu.

Azken hileotan, Librezale aktiboago mantentzeko eta pertsona berriak lantaldera erakartzeko asmoz “hilabeteko proiektuak” deitutakoa martxan jarri dute. Librezale komunitatean proposatzen diren proiektuen artean bat onartu eta hilabetez proiektu horretara esfortzu gehiago bideratzen da.

Eta orain bai, proiektua zein den azalduko dizuet.

Android erabiltzen duzuen euskaldunok jakingo duzuen moduan, gaur egun badaude euskaraz idazten laguntzen diguten teklatu desberdinak. Hala nola, Google Gboard edo Microsoft Swiftkey adibidez, baina hauek software pribatiboa izateaz gain beste arazo larri bat daukate: gure telefonoetan idazten dugun guztia zelatatu eta Estatu Batuetako enpresa handi bi hauei bidaltzen diete. Zein da asmoa? Publizitatea hobea egitea, suposatu dezaket.

Honetaz jabetu eta hasi berri dugun 2017 hau gogo handiz hartu eta aurrekoak baino teknologikoagoa den proiektu bat martxan jarri du Librezalek, euskaldunontzat oso erabilgarri izango zaigun proiektua: AnySoftKeyboard teklatu librearentzat euskarazko hiztegia osatu. Hau da, gure Androideei euskara idazten irakatsi 😉

Proiektua bukatzeko epea gainditu ez denez momentuz beta fase deituko diodan fase baten aurkitzen da AnySoftKeyboard-en euskarazko hiztegia. Edonola ere, lehen momentutik oso erabilgarria izan den hiztegi hau probatzeko gogoa baduzue (eta oso funtzionala dela aitortuko dizuet) Librezaleren Telegram taldean sartzea baino ez duzue, eta bertan konpartitzen den apk-ren azken bertsioa hartu. Hala eginda, teklatua eta hiztegia ikusteaz gain berau probatzen ere lagunduko duzue eta akatsen bat aurkitzekotan, nahi izanez gero, berau konpontzen. Bertsio hau probatzen laguntzen baduzue, bertsio ofiziala publikatzen denean apk desinstalatzea eta ofiziala, edo azkendua, instalatzea baino ez daukazue.

Aplikazioa instalatzea oso erraza da. Lehenik eta behin, F-droid edo Google Play zerbitzuetan aurkituko duzuen AnySoftKeyboard teklatua instalatu behar duzue. Ondoren euskarazko hiztegia instalatu. Eta bukatzeko erabili.

Zenbat mezu bidaliko dituzu euskaraz eta askatasunez? Zure Androideak euskara ikasteko aukera dauka, ez alferrik galdu 🙂

Eskerrik asko Librezale! Ezinbestekoak zarete.

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu: