Apostasia tramitea burutzeko jarraitu ditudan pausuak

Apostasia tramiteak bizkaia
4.7/5 – (6 votes)

Apostasia burutzeko blog bidalketa hau martxoan publikatzekotan nengoen, baina, egunak joan, egunak etorri, uztailaren erdialdean gaude. Datak irakurtzerakoan kontutan hartu.

Bai, blog honen egunerokotasunean lantzen ditudan gaiekin zer ikusirik ez duen izenburu batekin natorkizue gaurkoan. Azken asteotan, Eliza katolikoarekin apostasia tramitea burutzen ibili ostean, batzuk hala eskatuta, esperientzia zuokin konpartitu nahi dut.

Seguru hau irakurtzen zaudeten gehienok apostasia zer den jakin badakizuela, baina, edonola ere, hiru esalditan laburbilduko dut: apostasia jatorrizko dotrina erlijiosoaren dogma osoaren erabateko ukatzea da. Norberaren erlijioa izandakoaren ukazioa da. Hortaz, erlijio horren uztea dakar.

Prozedura

Lehenik eta behin, Bilboko Elizbarrutiko Idazkaritza Nagusiarekin harremanetan jarri nintzen, e-posta bitartez. Nire erlijioa zenari uko egin asmoz, apostasia burutzeko jarraitu behar nituen pausuak zeintzuk ziren modu garden, ordenatu eta ulergarrian zehazteko prest zeuden jakitea zen e-posta horren helburua.

Hauxe da 2019ko urtarrilaren 30ean Bilboko Elizbarrutiko Idazkaritza Nagusiari (idazkaria abildua bizkeliza puntu org) bidali nion lehen e-postaren edukia:

Legokiokeenari,

Honen bitartez, eskaera egiten diot Bilboko Elizbarrutiko Idazkaritza Nagusiari Elizarekin burutu nahi dudan tramite baten pausuak zehazteko.

Tramite hauek Elizaren eta nire artean dagoen harremanetan izango duten eraginaren jakitun, nire erlijioa denari uko egin asmoz, apostasia burutzeko jarraitu behar ditudan pausuak zeintzuk diren modu ordenatu eta ulergarrian zehaztea eskatzen dizuet bide honetatik.

Horretan laguntzerik izango ez bazenute, Elizbarrutiko norekin kontaktatu dezakedan adieraztea eskertuko nizueke.

Adeitasunez.

Horren erantzuna (berehalakoa), laburbilduz, hurrengoa izan zen:

Apostasia burutzeko eman beharreko pausuak

Lehenik eta behin zure buruarekin bakarrizketa bat izan beharko duzu. Eta, ni bezala, fede kristauan jarraitzeko aitzakiarik aurkitzen ez baduzu, hurrengo pausuak bete:

  1. Apostasia eskaria idatziz egin behar duzu (e-postaz, helbide honetara ni bezala Bizkaian bataiatua izan bazinen: notaritza abildua bizkeliza puntu org). E-postarekin batera zeure NAN-aren fotokopia bidali behar duzu, alde bietatik. Blog bidalketa honen bukaeran euskaraz egin dudan txantiloia aurkituko duzue.
    1. Beste herrialde baten bataiatua bazintuzte: bataiatua izan zinen elizarekin harremanetan jarri behar zara eta bataio ziurtagiria lortu (edo zure familiari eskatu). Dokumentu hau eranskin bezala gehitu beharko duzu.
  2. Bikario Nagusiaren inprimaki bat jasoko duzu etxean, berau bete eta sinatu behar duzu.
  3. Inprimaki hori, beteta eta sinatuta, inprimakian bertan aurkituko duzun helbidera bidali behar duzu (e-postaz ere egin daiteke sinadura elektroniko ofizialarekin, gure kasuan NAN edo IZENPE).
  4. Gotzaindegiko notariotzak zure apostata izatea onartu, tramitea burutzeko beharrezkoak diren pausuak eman, zu informatu eta apostata izatea ziurtatzen duen ziurtagiria bidaliko dizu.

Apostasia eskaria egiteko txantiloia euskaraz

Hemen aurkituko duzue nik idatzi eta erabili nuen txantiloia euskaraz (hobetzen baduzue jakinarazi eta eguneratuko dut):

Eta listo. Honekin nahikoa da.

Lehen e-posta bidali nuenean prozesu korapilotsua izango zela uste nuen, baina egia esan, Bizkaiko Gotzaindegiko Notariotzan artatu ninduen emakumea oso jatorra izan zen. Erabateko prestutasuna erakutsi zuen nire eskaria tramitatzeko eta ez zidan berau burutzeko aitzakiarik jarri.

Hortaz badakizue: #AposteosikoaIzangoDa

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu:

2 erantzun “Apostasia tramitea burutzeko jarraitu ditudan pausuak” bidalketan

  1. Oso lagungarria, eskerrik asko. Saiatzera noa.

  2. Neuk Gipuzkoan egin nuen,eta emandako pausoak berdintsuak izan ziren. Nere barrenarekin eta pentsakerarekin kohorenteago izaten lagundu nau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude