[argiakolaborazioa]
Hauteskunde asko ditugu begi bistan: udal eta foru hauteskundeak, Espainia eta Europa. Ez naiz sartuko bozkatu beharko genukeen edo ez eztabaidatzera. Ez dut aipatuko zer bozkatu beharko genukeen, zer ez. Ez dut propaganda politikorik egingo. Nagusikotxoak gara, eta norberak ikusiko du zer egin behar duen. Gaur kontu bakar batean zentratu nahi dut blog bidalketa hau: boto elektronikoa. Boto elektroniko madarikatua.
Boto elektronikoaren afera, azken urteotan, hauteskunde garai guztietan errepikatzen den mantretako bat da: “boto elektronikoa sustatu beharko genuke“. Eta argumentu horren aldeko beste azpimantra asko sortzen dira: abstentzioa gutxitzeko, gazteengana gerturatzeko, erosotasuna bermatzeko… ze aspergarriak garen, la ostia.
Boto elektronikoa onartzea, sustatzea eta erabiltzea gizarte honek egin dezakeen akatsik larrienetakoa deritzot.
Ez du abstentzioa gutxituko
Benetan, hau argumentatu behar izatea ere… ez, boto elektronikoak ez du abstentzioa gutxituko. “Eske hauteskundeak igandeetan dira eta klaro, larunbatean parrandan irteten bazara ez duakazu gogorik boztatzera joateko“. Serio? Abstentzioaren arazoa larunbat gaueko parrandazaleak dira/gara?
Ez dut baieztapen hori argumentu bakar batekin ere ezeztatuko. Ez baitu merezi. Esan nezake abstentziaoren arazorik nabarmenena politikarekiko eta politikari profesionalekiko daukagun begirune falta dela. Esan nezake abstentziaoren arazorik nabarmenena politika instituzionala zirku baten bihurtu izana dela. Esan nezake abstentzioaren arazorik nabarmenena dela abstentzioaren zati bat ez izatea pasiboa, baizik eta aktiboa (eta horrek niretzako ez duela arazorik suposatzen)… baina ez dut esango.
Arazo politikoek ez dute konponbide teknologikorik
Argi dago mundu honetan arazo politiko bat daukagula (bakarra balitz gaitzerdi). Eta argi daukat, baita ere, arazo politikoei ez zaiela aurre egiten konponbide teknologikoekin. Baizik eta politikoekin. Are gutxiago, teknologia bera helburu bilakatzen badugu.
Akats larria da hori.
Ez, ezetz da
Ez software librearekin, ezta, are gutxiago, software pribatiboarekin. Software librea erabiltzen duten gutxi batzuk entzun izan ditut: “Boto elektronikoa software librean oinarrituko bagenu, non dago arazoa?“. Zera… ba hasteko ez dago jakiterik publikatuko genukeen balizko bozketa softwarearen iturburu kodea eta hauteskunde momentuan exekutatzen ari garen softwarea berdina den. Ez dago jakiterik. Softwareak bugak ditu, hardwareak bugak ditu, gizakiok bugak ditugu… hauteskunde batzuk hackeatzeko interes minimoa, edo norbait erosteko diru apurra, duen edozeinek bide zuzena izango luke emaitzetara. Eta izango ez balu ere: ez daukagu zihurtatzerik.
Agian ondo dago eragile politikoen barne lanetarako boto elektroniko sistemak erabiltzea, gehienak prekarioak. Baina hor ere fede ariketa bat egin behar dugu. Argi izan: norberaren erakundeetako militanteenganako fede ariketa da.
Pribatutasunarekiko arazoa nabarmena
Ez naiz kriptografian aditua, ez daukat hurrengo baieztapena egiteko izan beharko nukeen jakintza maila. Baina berba egitea libre denez, esango dut: nolatan pentsatzen dugu gure NAN-aren ziurtagiri elektronikoa erabili dezakegula boto elektroniko bat eman dugula ziurtatzeko? Hasteko NAN zenbaki horretan dauden giltzak ez ditugu guk sortu. Gai teknologikoetan sartu gabe: Poliziak eman dizkigu txo! Nork ziurtatuko dit nire giltz publikoaren kopia pribatua ez dutenik? Nork ziurtatuko dit nire botoa zein izan den erregistratuko ez dutenik? Botoa sekretua izatea eskubide bat da, ez ditzagun gure eskubiak hain merke saldu.
“NAN-a zulotxo baten sartzen dugu eta botoa eman ondoren ateratzen dugu, listo. Etxetik ere egin daiteke NAN irakurgailu bat izanez gero.” Hori esan didate. Behin baino gehiagotan. Tira, eta erosotasunarentzako egokiena wifia. Autobusetik bozkatu, wifia izan badute eta!
Baita beste hau “zu informatikaria izanda boto elektronikoaren alde egongo zara, ezta?“. Bai, eta Facebookek zure datuak hirugarrengoei saltzearen alde ere.
En fin.
Adituek zer esaten duten
Boto elektronikoaren kontra dauden teknologia adituak ekarri nahi ditut hona. Stallmanek, adibidez, software librearen sortzaileetako batek, zera esaten du (nik itzuli dut, barkatu gaizki badago):
Richard Stallman
Boto elektronikoa arriskutsua dela uste dut, eta arrisku hori ezin dela saihestu, ezta software librea erabilita ere.
Arriskua, norbaitek botoekin tranpak egiteko softwarea manipulatzea da. Ezin da saihestu, ezta ere, hauteskunde garaian erabiliko den programaren iturburu-kodea aztertzen bada, une horretan exekutatzen ari den programa aurretik erakutsi digutenaren desberdina izan daitekeelako. Norbaitek software originala ordezka dezake, botoak manipulatu eta bukatutakoan berrezarri; gertatu izanaz ere ez litzateke inor konturatuko. Ez litzateke zenbaketarik egiteko aukerarik egongo.
Beraz, botoak paperean ematearen alde daudenekin nago, eskuzko kontaketa bat egitea posible izateko.
Beste aditu batzuen hitzak irakurri ditzakezue hemen: Why online voting would be a ‘complete disaster’.
Etsaia algoritmoa (izan) da(iteke)
Argiako blog honetan argitaratu nuen lehen artikuluan, zera esan nuen: Etsaia algoritmoa (izan) da(iteke).
Kontziente gara boto elektronikoa kudeatzeko algoritmoak izango lukeen konplexutasun mailaz? Demagun Stallman oker dagoela, eta kontaketa eskuz egin genezakeela. Nola jarraituko genuke algoritmoa pausuz-pausu, eskuz, boto bakoitzeko? Hori bai demokraziaren jaia.
Oso ezkorra izan naiz
Bale, ados, onartzen dizuet. Gai honekin oso ezkorra naiz. Hortaz proposamen baikor batekin natorkizue: Facebook inkesta bat. Alderdi politiko bakoitzeko aukera bat, logo eta guzti, nork irabazi Facebookek esango digu.
Edo hobeto (Facebookek Cambridge Analytica ezagutzen du eta): Twitter hari bat, eragile politiko bakoitzeko txio bat. Nork atsegin gehiago lortu, hura lehendakari.
PS: Barkatu ironia. Iraultzailea omen da gai desberdinak behin eta berriz hausnartzea. Baina eztabaida batzuek, aspertzen naute.
Utzi erantzuna