[puntueuskolaborazioa]
Burujabetza teknologikora bidean pausu asko eman izan ditugu euskaldunok. Gurean urte andana lanean daramatzagun aktibista eta eragile desberdinok gauza ikusgarri eta ederrak egin izan ditugu burujabetza teknologiakoren bidean. Behintzat hori da nire irakurketa. Irailaren 20-22 bitartean Hackmeeting izeneko jardunaldiak burutu dira Gasteizeko Errekaleorren. Jardunaldi horiek baliatuz, burujabetza teknologikoaren bidean eginiko egitasmo desberdinak batzeko proposamena egin genuen, helburuetako bat proiektu desberdinak ezagutu eta berauen saretzea zelarik. Asanblada formatua eman genion eta parte-hartzea bermatzeko dinamika osatu. Eragile desberdinetako aktibistak elkartu ginen eta nor bere burua edo bere eragilea ordezkatuz eztabaidan hasi ginen.
Burujabetza teknologikotzat zer ulertzen genuen azaltzeko ahalegina egin genuen. Jarraian, norberaren nahi eta helburuak amankomunean jarri genituelarik. Eztabaidan gai desberdinak atera ziren. Asanbladak iraun zituen bi orduetan jorratutako gai batzuk aipatzearren, software librea, pribatutasuna, burujabetza teknologikoaren gaia jendarteratzeko aukera, hodeiaren ideia eta hezkuntza goraipatuko nituzke.
Asanbladaren helburuetako bat hezkuntzaren gaia aztertzea zen. Izan ere, gutariko askok estrategikotzat jotzen dugun zutabea baita. Hezkuntzaren arloan burujabetza teknologikoa eta software librearen inguruan hausnartzeko talde oso interesgarri bat dago geurean. Ez dakit ezagutzen duzuen, baina hack.in#badakigu eta Librezale taldeetan izan genuen eztabaida baten ondorioz sortu zen. Bere izena Hezkuntzan ere librezale da. Erabat publikoa du bere eztabaida eta hala nahi duenaren parte-hartzea bermatzen da. Hau idazten dudan bitartean 208 gara talde hori osatzen dugun norbanakoak. Askotarikoak, anitzak. Ez dut uste zenbaki txarra denik taldearen mintzagaia zein den kontuan hartzen badugu. Errekaleorreko asanbladan eztabaidatzerako orduan, oso baliagarria izan zaigun taldea dela uste dut. Are gehiago, esango nuke hezkuntzan azken urteotan software pribatiboaren eta multinazional kapitalisten alde eman den ziaboga hausnartzeko eta ulertzeko oso lagungarria izan dela horrelako talde anitz, zabal eta handian eztabaidatzeko aukera izatea. Behintzat nire kasuan, hala izan da.
Asanbladan hezkuntzaren gaiak hartu zuen garrantzia kontutan hartuta, bide horretatik tiratzeko aukera aztertu ostean, etorkizun hurbilean lantzeko ondorio eta kontsentsu desberdinetara heldu ginen. Aipagarrienak hurrengo hauek iruditzen zaizkit: batetik, burujabetza teknologikoaren gaia lantzen dugun, eta hala nahi dugun, eragile eta norbanako desberdinen aterki bezala irudikatu genuen posta zerrenda bat osatzea. Behin-behineko BuruTek izena izango du. Bestetik, Durangoko Azokan antolatzen den Kabi@ gunean, berriz elkartzeko aukera planteatu genuen, ideia hau gogotsu baieztatu genuela iruditu zitzaidan. Durangon batzearen helburua, hezkuntzan burujabetza teknologikoaren aldeko irakurketa egin ahal izateko, eztabaidan sakontzea da. Hurrengo erronkak zehazteko aukerak eskainiko dizkigun balizko egitarau batekin.
Zein bide egiten dugun ikusi beharko badugu ere, itxura oso ona hartu nion Errekaleorren gertatutakoari eta asko poztu nintzen aukera eta erronka komunak aurrera ateratzeko lan-talde txiki bat osatu izanaz. Teknopolitika kontuetan zaudetenok, edo behintzat gaia jarraitzen duzuenok, jada badakizue ez dela honelako bat osatzen saiatzen garen lehen aldia. Baina egiari sor, esango dizuet nire inpresioa dela asanblada hau ez dela beste bat izan eta etorkizuna lantzeko oso baliotsua izango den esperantza osoa daukadala. Gure esku dago hemen ere eragitea, eta bidea hasteko, irailaren 21eko asanblada honek aukera oparoa eskaini digu.
Has gaitezen, mantso bada ere, elkarrekin paseatzen.
Utzi erantzuna