Change.org Inc. enpresaren inguruan bi hitz gizarte mugimenduaren mesedetan

Change.org gizarte mugimenduan
4/5 – (3 votes)

Hilabete honen hasieran Berriak change.org atariaren inguruko galdera batzuk egin zizkigun software librearen komunitatean lan egiten dugun pertsona desberdinei, hemen doakizue artikulua. Gaian sakondu nahi duzuenontzat Berriako artikulu originalean leku faltagatik sartu ez ziren erantzun batzuk osatu nahi izan ditut blogean. Izan ere, elkarrizketa idatziz izan zenez, artikulu hau sortzeak ez dit lan askorik eman 🙂

Gaiak badu bere mamia eta nahi beste sakondu genezake, Gaztezuloko Igone Mariezkurrena bere “Big dataren negozioa” artikuluan sakondu zuen beste adibidez. Zuen jakin-mina piztuko dutelakoan, hona galdera-erantzunak.

Change.org enpresa Delaware estatuan sortu zuten. Enpresak ez ditu irabaziak publiko egiten eta ez du zergarik ordaintzen. Zer iritzi duzu bere bideaz? eta ezkutuko interesez?

Delaware Estatua paradisu fiskala omen da, ez bakarrik Estatu Batuetako enpresentzat, baita bertatik kanpo daudenentzat ere. Change.org ataria Change.org Inc. izendun enpresa Estatu Batuarrak kudeatzen du. Gauzak horrela, oso enpresa pribatu gutxi ezagutzen ditut bere irabaziak publiko egiten dituztenak, are gutxiago beraien burua irabazi asmorik gabekoa deklaratzen duten enpresak. Atariaren jabea formazio katolikodun Ben Rattay da eta bere burua ekintzaile digitaltzat du, egun Change.org Inc.-eko zuzendari exekutiboa da.

Agian, lehen begirada baten, Change.org atariarekin daukagun arazoa domeinu izena da .org izateak nahasten gaitu. Izan ere, Internet munduan .org domeinua irabazi asmorik gabeko erakundeentzat sortu zen. Baina ez du zertan horrela izan, izan ere, ez dago inongo muga ezarririk .org domeinu bat erosteko. Edonork eros dezake.

Change.org Inc. enpresaren negozioa Big Data delakoa da, eta nire uste apalean maltzurkeriaz jokatzen ari dira, irabazi asmorik gabeko erakundetzat saltzen digute beraien burua, baina ez dut uste horrela denik.

Hainbat kanpaina ordainezkoak izaten dira. Negozio bat badago hor, ezta?

Ordainpeko kanpainetan negozioa dago, hori argi dago, eta mundu mailako GKE askok ordaintzen dute Change.org Inc. enpresaren ataria beraien giza eskubideen aldeko eskariak egiteko. Baina bigarren mailako diru sarrerak izan daitezke.

Aurreko erantzunean aipatu bezala, Big Data egiten dute, hau da, erabiltzaileek bolondreski (eta hein handi baten hezkuntza digital hobe baten beharraren ondorioz) bertan ematen dituzten datu guztiekin negozioa egiten dute. Ez dut uste arazoa horrelako plataforma baten sinadura bilketa kanpaina jakin batek dituen behar izan teknikoen arabera kobratzean dagoenik, izan ere, hein baten ulergarria izango litzateke, infraestrukturak ordaindu behar dira. Baina inondik inora ulergarria ez dena, egiten duten datu bilketarekin egin daitekeen negozioa da. Nire aburuz, hor dago negozioaren funtsa.

Beste erakunde batzuk beraien aldarrikapenak zabaltzeko ordaindu edo ez, bigarren mailan geratzen da. Beti ere, nire iritziz.

Badira antzeko beste atari batzuk, petizioenak edo eskaerenak. Ba al dago ezberdintasun horien artean?

Ez dut atari jakin bat aipatu nahi, baina beste batzuk egon badaude. Galdera honek ez du erantzun errazik, guzti honen funtsa datuekin zer egiten duten jakitean dago, gardentasunean eta hiru aldeetako konpromisoetan: plataforma, beraien eskariak altan ematen dituzten erakundeak edo aktibistak eta erabiltzailea bera. Nire ustez egokiago litzateke norberak bere plataformak sortzea eta erabiltzaileen datuen kudeaketa egoki eta gardena egitea. Horrek ahaldunduko luke gizarte mugimendu hori.

Bide batez aipagarria da gurean kokatzen diren enpresa txikiei XXI. Mendeko negozioa datuak direla saldu zaiela. Beraz, urre digitala balitz bezala gorde behar dutelakoan daude, pentsamolde orokortua da.

Atari horietako erabiltzaileen datu pertsonalak nora iristen diren ba al dago jakiterik? Big Data izenekoarekin ba al da loturarik? Datu ugari trafikatzen dira enpresen artean?

Ez da lan erraza datu pertsonalak nora iristen diren jakitea, baina datu horiek beste hirugarrengo batzuei saltzea da normalena, Facebook-ek egiten duen modu berean. Gaur egungo Big Data datuen salerosketan oinarritzen da. Enpresa askok, behar ez dituzten datuak gordetzen dituzte, noizbait norbaiti saldu ahal izatea amestuz. Change.org Inc.-en kasuan argiegia da, saltzeko moduko mundu mailako datu ugari dituzte.

Change.org bezalakoek borroka sozialak lagundu ala oztopatu egiten dutela iruditzen zaizu?

Nire ustez Change.org Inc. bezalako enpresek borroka sozialak oztopatzen dituzte, eta aukera agertzen zaidan bakoitzean ez erabiltzea gomendatzen dut. Bai, egia da borroken zabalkuntzan lagundu dezaketela, baina nire ustez kostu altuegian.

Gaur egun dagoen software libre guztiarekin, zenbat kostatuko litzaiguke sinadurak biltzeko gure elkartearen webgune propioa garatzea? Kanpaina jakin batean erabili eta gero bertan behera utzi eta datuak ezabatu. Hor dago gakoa, ekintzaile digital konprometituek borroka sozialetan lagunduko dute, hori argi daukat, baina aipatu bezala, ez da kasua. Honen inguruan hausnartu beharrean gaude eta elkarte eta aktibistak ahaldundu behar ditugu. Helburu horrekin, besteak beste, sortu genuen hack.in#badakigu informatika elkarte askea.

Demagun Change.org Inc.-ek epaile baten eskutitza jasotzen duela, kanpaina jakin baten inguruan dauden sinaduren datuak eta metadatuak epaitegira eramateko eskatuz. Benetan uste dugu salbu gaudela? Hau da, epaileari eta presio instituzionalari aurre egingo liokeela? Edo datu horiek ematea alternatiba erreal, azken eta bakarra izanik, datu horiek zifratuta eta inork ez miatzeko moduan egongo direla? Ez dut uste.

Datuak alde batera utzita aipagarria da Change.org Inc. enpresaren plataforman burutzen diren sinadura bilketa guztiak ez dutela inongo euskarri legalik, behintzat, Hego Euskal Herrian aplikatzen diguten legislazioan. Balio legala izateko NAN elektroniko batekin sinatu beharko genuke. Imajinatu fracking-aren aurkako sinadura bilketa change.org atarian egin izan balitz, lana arindu bai, baina balio legal eza dela eta sinadura guztiak zakarrontzira bota beharko ziratekeen. Ez genuen fracking-arekin bukatu izango.

Slacktivismoa edo sofako aktibismoak zertarako balio du? Aldaketa motoreak apaltzen dituela esango zenuke?

Erantzun laburra: bai, balio du. Erantzun luzea: baina kaleko aktibismoan oinarritzen diren ekintzen lagungarri gisa, inoiz ez ordezko. Sare sozialak oso erabilgarriak dira borroka sozialen zabalkundean, modu errazean kartel bat diseinatu eta berehalako mezularitza plataformetatik zabal genezake, edo sinadura kanpaina bat hasi. Minutu gutxi batzuetan ekintza jakin horiek gizartean izango luketen zabalkundea areagotzeko aukera oso egokiak dira. Hori ulertzen dut sofako aktibismo bezala. Hori bai, diseinatu dugun ekintza hori kalean egon behar luke, hau da, ezin dugu sarea sutu kalea mutu dagoen bitartean. Ez luke eragin sozialik izango eta ekintza sozialen xarma galduko litzateke.

Hacktibismoaren inguruan, beste erantzun bat emango nuke. Hacktibismoa, aktibismo sozial teknologiko konprometitu moduan ulertzen dudana, ezinbestekoa deritzot gaur egungo gizartean.

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude