Ni. Naiz. Naizena.
Bat gehiago denen artean nahiz eta pixkat berezia nahi izan.
Nire akats eta guzti, ez dut nortasuna azaldu beharrik.
Delirium Tremens (Ni Naiz Naizena)
Goazemank.
Dabid Martinez nauzue. Urte asko daramatzat Interneten publikatzen, izan blog, irratsaio edota argazkiak. Guztia copyleft.
Ofizioz informatikaria naiz eta lan desberdinak egin izan ditut nire bizi laboralean zehar, gehienbat web garapena eta komunikazioa. Nire lana gustuko dut, behintzat hartzaile bezala norbait aurkitzen dudanean, eta hitzematen dizuet beste aldean norbait aurkitzea ez dela lan erraza izaten. Baina blog honetan nire lanaz nahiko gutxi kontatuko dizuet, erreferentzia bezala izan dezazuen baino ez dut aipatu. laborategia.eus-eko helburua beste bat da. Oso bestelakoa.
Benetako niaz
Software librearen, jakintza askearen eta pribatutasunaren defendatzaile sutsua naiz. Software librea, ideiak askeak izan behar direla uste dudalako. Sistemak irentsi duen jendarte honetan argi pixka bat ematen diolako jakintzaren gizarteari, ezinbestekoa delako. Jakintza askea, ezagutza kalera atera behar dugulako, jendartearen mesedetan. Mundu justuago bat sortzeko jaioak garelako, naiz eta batzuk, momentuz, ez diren horretaz jabetu. Eta bukatzeko pribatutasuna, ez bereziki zerbait ezkutatzeko izateagatik. Gure bizi pertsonalaren jabe izan behar garela uste dudalako baizik. Besterik ez. Izan herri mugimendua sustatzeko edota bikoteari esan behar dioguna beste inork ez zelatatzeko.
Herri mugimendu askotan parte hartu dut. Gutxi batzuk izan dute arrakasta. Baina tira, burugogorra naizenez, horretan dihardut oraindik: mundu desberdin asko barne biltzen duen mundua nahi dudalako. Herri mugimenduan sentitzen naiz erosoen, lagun eta kide itzelak egin ditut han eta hemen. Arrakasta izan dugunean… a ze bizipoza! Burujabetza teknologiko, euskara eta eskubide sozial eta politikoen alde lan egiten dut talde desberdinetan.
Irakurtzea gustuko dut, izan tabako kutxen osagaiak, politika, filosofia, liburu teknikoak… edozein gai, baita literatura ere, ez pentsa. Lagun artean irakurtzeko asmoz, Elegose irakurketa talde irekia sustatu nuen euskal literatura irakurtzeko prest egon zitezkeen Fedibertsoko lagun talde bat elkartzeko asmoz, eta han dihardugu. Nire jakintza gogoak ez du mugarik ezagutzen. Agian, horregatik kostatzen zait horrenbeste zentratzea 😉
Batzuetan ez dut nire burua teknologotzat hartzen. Izan ere, askotan ohartu naiz teknologia herri mugimenduen mesedetan jartzeko aukerarik eskaintzen ez badit ez zaidala bereziki interesatzen. Berdin zait zein den mundu mailako enpresa kapitalistek garatu duten azken telefono adimenduna. Baina interes ikaragarria pizten dit telefono horiekin sare banatuak sortzeko aukera izatea.
Laborategi hontaz
Zer aurkituko duzu Laborategia blogean? Gogoeta desberdinak. Beti ere informatika askearen orbitan, eta ikuspuntu kritiko oso definituarekin. Hasieran aipatu ditudan software librea, jakintza askea eta pribatutasuna. Gehienbat.
Azkue Fundazioak eta Argiak elkarlanean burutzen duten 2019ko “Blogetan! Blog izarren bila” lehiaketako irabazlea izan nintzen blog honekin zientzia eta teknologia kategorian.
Gaur egun Argia blogetan eta sarean.eus-en kolaboratzen dut gehien. Beraz, Laborategi honetan aurkituko dituzuen artikulu batzuk bertan publikatutakoak dira.
Ohar bezala: nire kontraesanekin bizitzen ikasi nuen aspaldi.
Harremanetarako
Nirekin harremanetan jarri nahi baduzu, hau da biderik zuzenena.