Elegose irakurle taldea

Zer da Elegose irakurle taldea?

Elegose irakurle taldea (@elegose@mastodon.eus), Mastodon.eus-en kokatzen den irakurle talde bat da (parte hartzaile batzuk Mastodon.eus-en bertan kontua badute ere, sare dezentralizatua denez gero, badira beste Mastodon instantzia batzuetatik edo honekin bateragarriak diren beste zerbitzu batzuetatik parte hartzen dutenak ere). Irakurle talde honen helburua hilero liburu bat hautatzea, bakoitzak bere aldetik irakurtzea eta hilean zehar kideen artean komentatzea da.

Zer da Mastodon?

Mastodon, mikroblogintza zerbitzua eskaintzen duen gizarte-sare librea, dezentralizatua eta software librean oinarritzen dena da. Mastodon.eus sare horretako instantzia euskaldun bat da.

Nola parte hartu Elegosen?

Elegose talde irekia da eta parte hartzeko ez dago izena eman beharrik. Euskarazko liburuak irakurtzeko gogoa sustatzea eta beste irakurle batzuekin eztabaidatzea da besterik gabe taldearen helburua. Horretarako elkarbanatzen ditugun mezuei erantzuten hastea, proposamenak egitea, bozkatzea, irakurtzea... da kontua.

Horretarako, hilabeteko unearen arabera parte hartzaileak zertan ari diren jakitea lagungarria izan daiteke :-)

Hileroko zikloa

1) Irakurtzeko liburuak proposatu
(hilabeteko azken-aurreko astean)

Hileroko azken-aurreko astean, hurrengo hilerako liburu bat edo batzuk proposatu ohi ditu hala nahi duenak. Adibidez, irailean bagaude, #UrrirakoProposamena traolarekin idazten ditu proposamenak jendeak. Elegose erabiltzaileak proposamenak egiten noiz hasi behar den adierazten du, eta epe-muga bat ezartzen du proposamenak egin eta jaso ahal izateko. Adibidez, irailaren 16tik 23ra.

2) Proposatutakoak bozkatu eta liburua hautatu
(hilabeteko azken astean)

Elegose erabiltzaileak inkesta bat irekitzen du Framadate webgunean (adibidez, irailaren 23an) eta, bere kontutik abisatu eta gero, jendeak zein edo zeintzuk proposamen irakurri nahi dituen bozkatu egiten du.

Bozkatzeko azken eguna, hilabeteko azken eguna da (adibidez, irailaren 31). Inkestan boto gehien lortzen duen liburua da hurrengo hilabetean irakurri beharko dena. Bozketan berdintasuna baldin badago, aukera nagusietatik bakoitzak nahi duena irakur dezake.

3) Liburua irakurri eta eztabaida hasi
(hilabete osoan zehar)

Hilabeteko lehen egunean (adibidez, urriaren 1ean), Elegose erabiltzaileak inkesta zein liburuk irabazi duen iragartzen du eta jendeak hilabete osoa du liburua lortzeko, irakurtzeko eta komentatzeko. Hilabete horretan zehar, dagokion traola erabiltzen dute partaideek liburu horri dagokion edozer aipatzeko (adibidez, #MigelMarmolenJaiotzak): liburutegi batean mailegatu dutela, erosi dutela baina oraindik heldu ez zaiela, irakurketa gustuko izaten ari dela, espero ez zuten estiloan idatzita dagoela, irakurketan lagungarriak izan daitezkeen datuak gehitu...

Norbaiti Mastodon mikroblogintza sareko karaktere kopurua motz geratzen bazaio liburuari buruz bere iruzkinak egiteko, bere blogean edo beste nonbait artikulu bat idatz dezake. Horrela egin ohi du, adibidez, Izarok bere blogean. Ikus adibidez, 2019ko uztaileko liburuaz idatzi zuena..

Norbaitek liburu bat iruzkintzean, garrantzitsua da besteei istorioa zapuztu gabe egitea, hau da, "espoilerrak" deritzenak ez botatzea. Izan ere, partaide bakoitzak bere abiaduran irakurtzen baitu.

Hori saihesteko CW aukera erabiltzen dugu, mezuan spoilerra ezkutatzeko aukera eskaintzen duelako (irakurle bakoitzak erabaki dezake mezua ireki edo ez). CWan liburuaren zein kapituluan zauden idaztea komeni da. Batzuek hilabetea amaitu arte itxaroten dute liburuaren edukiak beste kideekin komentatzeko (ordurako suposatzen baita denek amaitu dutela liburua irakurtzea).

Konbentzitu zaitugu? Animatu zaitez bada Elegose irakurle taldean parte hartzera! Ondo etorria!