4/5 - (1 vote)

Blogari askok beste blog edo hedabide batzuetan kolaborazioak egiten ditugu, eta normalean, kolaborazio horiek gure blogetan publikatu nahi ditugu, honek bikoiztutako edukia sortzen du. Bidalketa honen helburua bikoiztutako eduki horren aurrean eta bilatzaileek eduki mota honi dioten tolerantzia zeroaren aurrean nola jokatu aztertzea da. Nik neuk sarri egiten dudan gauza bat da, izan ere, sarean.eus agerkari digitalean ekarpen bat egiten dudan bakoitzean, han publikatu eta astebetera, nire blogera dakart.

Baina dakizuen moduan bilatzaile gehienek eduki bikoiztuaren kontrako kanpaina hasi zuten eta eduki mota horrekiko tolerantzia 0 daukate. Honen inguruan ere aritu ginen Blogetan jardunaldian.

Edukia bikoiztu dezaket?

Ba bai, edukia bikoiztu dezakezu, baina ez masiboki eta kontu handiz eginda… bestela bilatzaile desberdinen penalizazioak jasoko dituzu. Berriz esango dut: baina ez masiboki eta kontu handiz eginda.

Bikoiztutako edukia sortu behar dut… baina zer nahi dut zehazki?

Ea laborategia.eus blogeko adibide batekin zuon blog edo webguneen azterketa egiten laguntzerik dudan:

sarean.eus agerkari digitalean, edo beste edozein mediotan, ekarpen bat egiten dudanean, nire helburua eduki horrek sortu ditzakeen bisita kopurua hedabide horri “oparitzea” da. Hau da, laborategia.eus blogean edukia bikoizten dudanean ez dizkiot beste hedabidearen bisitak lapurtu nahi.

Adibide zehatza, “Hezkuntza zentroetan software librea erabiltzeko 8 arrazoi” artikulua idatzi nuenean sarean.eus-en egin nuen eta hedabide hori izan zen edukia publikatzen lehena. Baina eduki hori nire blogera ekarri nuenean, ez nuen nahi Google-ek nire blogeko edukia lehenetsi moduan aurkitzea eta biok (sarean.eus eta laborategia.eus) zigortzea.

Nola sortu bikoiztutako eduki (gutxi) modu egokian

Adi: ez hasi orain edukia zoro batzuen moduan bikoizten “laborategia.eus blogean irakurri nuelako”, edukia bikoizterako orduan, ahalik eta gutxienetan egin.

  1. Ez agerrarazi bikoizten duzun bidalketa bilatzaileetan.
  2. Esan bilatzaileei non dagoen eduki lehenetsia.
  3. Sortu bikoiztutako edukiaren barnean lehenetsitako edukira bidaliko duen lotura.
  4. Aipatu bikoiztutako edukia dela.

1. Bikoiztutako edukia bilatzaileetatik desagertarazi

Oso erraza da, izan ere, HTML etiketa bat dago hau egiteko: noindex. Etiketa hori erabilita bilatzaile desberdinei eduki hori ez gordetzeko eskatzen ari zara, hau da, ez indexatzeko.

Yoast SEO erabiltzen baduzu pluginak badu hau konfiguratzeko aukera:

  1. Blog bidalketaren konfigurazio aurreratuan sartu (engranajearen ikonoa).
  2. Meta robots index atalean: noindex aukeratu.

Noindex etiketa eduki bikoiztuarentzat

2. Eduki lehenetsia definitu

URL canoniko bat zer den azaltzea ez da erraza, baina funtsean lehenetsitako edukia non sortu zen eta berori posizionatu nahi dugula aitortzeko sortu zen. Honek ere badu bere HTML etiketa propioa rel canonical.

Canonical URL-a konfiguratzeko Yoast SEO erabiliko dugu berriz ere:

  1. Blog bidalketaren konfigurazio aurreratuan sartu (engranajearen ikonoa).
  2. Canonical URL atalean helbide lehenitsia jarria.

goiko adibidearekin jarraituz. Nire blogean sarean.eus-en publikatu dudan eduki bat kopiatzen dudanean lehenetsitako URL-a sarean.eus agerkarian erabakitzen dena da. Beraz, hori jartzen dut canonical moduan.

Canonical etiketa eduki bikoiztuarentzat

3. Lehenetsitako edukira esteka sortu

Denok dakigu lotura bat sortzen, ezta? Ba hori bikoiztutako edukitik, hau da, zure blogetik, lehenetsitako edukira esteka bat sartu. Beste barik. Besteak beste artikulu originalera bisitak bidaltzeko aukera eskainiko du. Bai, zure blogean bisitari hori galduko du baina helburua testua irakurtzea da, berdin zait non 🙂

4. Bikoiztutako edukia dela aipatu

Nire kasuan beti aipatzen dut. Artikuluaren bukaeran bi gauza egiten ditut: kolaborazio bat dela aipatu eta goian komentatu dudan esteka jarri.

Adibidez:

Bidalketa honetan aurkituko dituzuen gomendioak jarraitzen badituzue eduki bikoiztua modu egokian kudeatzeko aukera izango duzue. Ez esan bi urte barru, zure blogak bilatzaileko posizioak galtzen dituenean, ez zenekiela ezin zela edukia bikoiztu 😉

Disklaimerra (bigarrenez)

Berriz aipatuko dut: bidalketa honek nire esperientzia aipatzen du, zure SEO estrategia guztiz desberdina izan daiteke eta ni ez naiz inondik inora SEO aditua. Norberak erabaki dezala edukia bikoizteak onurak ekartzen dizkion edo ez. Blog honen izena Laborategia da eta funtsean hori egiten dut: esperimentatu (eta esperimentu guztiek ez dute bukaera onik, hortaz, gaseosarekin egin behar dira), denborak esango digu 🙂

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu: