Rate this post

[puntueuskolaborazioa]

Batzuk, ni barne, oso urrun bizi dugu Europa. Arrotz sentitzen dugula esan daiteke. Baina Internetek jaso dituen labankadarik handienak, bertatik datoz aspaldi honetan. Hortaz, agian, adi egon beharko ginateke.

Sareko neutraltasunak labankada bat jaso zuela azaldu nizuen urtarrilean. Iraila da, eta zoritxarrez, ez nator albiste onekin. Nahiko nuke, bihotzez. Irailaren 12a zen, eta Europar Parlamentuko kideek “copyright”-aren direktiba polemikoa onartzen zuten Europako, eta Espainiako, eskuinaren ezinbesteko laguntzarekin. Erdipurdiko direktiba honen artikulu eztabaidatuenak, 11 eta 13, hortaz, aurrera egingo dute.

Gogoan duzue nola Wikipedia joan den uztailean egun batez beltzez geratu zen? Ba tira, Interneteko beste gune esanguratsu askoren moduan, oraintsu onartutako direktiba berri honen, 11 eta 13 artikuluen kontra protestan ari ziren. Egun horretan, uztailaren 6an, ezin izan genituen Wikipediak kontsultatu ezta editatu. Mezu argi bat utzi ziguten: #WikipediaSeApaga. 11 eta 13 artikulu hauek Wikipedien lanari nola eragingo dien azalduz. Kapaz gara pentsatzeko, segundo batez bada ere, zer gertatuko litzatekeen Wikipediak behartuta itxi beharko balituzte?

Izan ere, direktiba honek mesede eskasa egingo digu Interneteko erabiltzaile eta sortzaileoi. Funtsean, nahiko erraz azaltzen dira, behintzat, eztabaida gehien sortu duten bi artikulu hauek:

Alde batetik, Interneteko enpresa handiek (Facebook, YouTube, Twitter…) beraien plataformetara igotzen den eduki guztia zelatatu beharko dute (gehiago zelatatu beharko dute, esaldia agian zuzenagoa da) algoritmo desberdinak erabiliz, nork berea. Horretarako arrazoia plataforma horietan plazaratzen diren edukiek copyright legeen kontra ez egitea da. Igo nahi dugun edukiak direktiba honen kontra egingo balu, seguruenik (izan ere, ez baita oraindik inplementatu), eduki hori publikatzeko ezintasuna eragingo luke, adierazpen askatasuna modu larrian kolpatuz.

Bestetik, komunikazio medio handiei, bilatzaileetan, albiste batzaileetan, beraien artikuluak estekatzeagatik kobratzeko aukera zabaltzen zaie. Albisteen medio espekulatzaile handienek, Espainiako eskumaren laguntzarekin, Espainiako kongresuan aspaldi saiatu ziren lege hau ezartzen, eta porrot nabarmena izan zen beraientzat. Nola daukazu aurpegi hain gogorra zeure kongresuan onartu ezin izan zenuen proposamen bat Europara eramateko?

Pentsatu ote dute zer gertatuko litzatekeen albiste enpresa hauen eduki guztia bilatzaile eta batzaile guzti hauetatik desagertuko balitz? Oinarrian, beraien etekinen parte handi bat ere desagertuko zela.

Hara! Joan eta egunkariak saldu.

Pentsamendu neoliberal basati honek, hilda dagoen dinosauroak berpiztea baino ez du helburu: copyrightaren lobbieak. Eta ezer gutxi ulertzen du Internetek, adierazpen askatasun eta giza eskubide terminoen inguruan.

Baina lasai, Europar modernoak gara.

Guzti hau gutxi balitz, aipagarria da direktiba honek Interneteko kontrola ia-ia erabatekoa duten plataformei, beste bide bat irekitzen diela. Gaur egun gertatzen den moduan, ikusgarri zaigun mundu eta ideologia zati handi bat, nola bistaratzen dugun beraien esku uztea gutxi balitz, direktiba berri honekin algoritmo horiek mundua are eta algoritmoen gobernuago bilakatzeko aukera izango dutelako. Zer publikatu, zer ez, beraien esku. Eta ez dut uste algoritmo gardena izango denik.

Eta honelako direktiba proposamenekin geure inteligentzia mesprezatzea gutxi balitz, gutaz barre egitera ausartzen dira. PSOEko Jose Blanco kasu. Direktiba berri honek erabiltzaileontzako adierazpen askatasuna eta egileentzako diru sarrera justu bat suposatuko duela esaten duenean adibidez. Oso arin, eta arin bezain argi, erantzun zion Javier de la Cuevak IKTetan espezializatutako abokatuak.

Baina ulertu nahi ez duenari gauzak azaltzea alferrikakoa da.

Eta hemendik aurrera zer? Beste direktiba guztiek egin behar duten bide berbera egingo du honek ere. Europar Parlamentuko gela ilun eta itxi batean negoziatuko da. Negoziazio hilabete horien epemuga gainditzen denean prest ez bagaude, gaur egun ezagutzen dugun Internet desagertuko da. Betirako.

#SaveYourInternet

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu: