Hala bai? Haien burua YouTubertzat duten horientzat dinosauroak omen gara euskal blogosfera. Gure komunitateen kudeaketa sare sozial digital korporatiboetan egin behar genuela esan ziguten horiei posta-zerrendak gustuko genituela esan genien, baina hara non, naiz eta posta zerrendetan jarraitzen dugun, sare sozialetara egin genuen salto.
Korrikaren lekukoarekin batera herria zeharkatu dugun egun berean Patxi Gaztelumendiren lekukoa hartu eta hasi dut bidalketa honen erredakzioa. Baina Euskal Herrian ondo dakigun moduan 100 metro nahikoa dira hausnarketa interesgarriak egiteko, baina 10000 karaktere ez dira nahiko.
Zein da euskal blogosferaren etorkizuna?
Bloga bloga mariñela!
Euskal blogosfera: iragana
Urte asko dira, Patxik ondo dioen moduan, blogak batera abiatu eta hausnarketak plazaratzen hasi ginenetik, norberak bere esparrutik, norberak gustuko zuen gaia jorratuz. Azkue Fundazioaren azken Blogetan jardunaldian ikusi zen moduan ez gara blogari gutxi eta urte hauetan guztietan zehar blogari eta blog berri asko izan ditugu gurean.
Baina munduko edozein puntu klik bakarreko distantziara sentitzen genituen egun horietan zentralizazioak jan ote ez gintuen galdetu behar diogu gaur eta hemen gure buruari. Hausnarketa totxoak egitetik 140 karakteretako mezuetara pasatu ginen, batzuk, hausnarketa totxo horiek zabaltzeko asmoz edo. Pozgarria da asko eta asko izan ginela hausnarketa totxo horiek egiteko aukera baztertu ez genuenok eta bizi frenetiko honek uzten digun heinean, hausnarketa txotxoak egiten jarraitzen dugunok.
Blogen hasiera deszentralizatua izan zen eta egun… bada.
Euskal blogosfera: oraina
Kapitalismoak Internet irentsi du. Bai, badakit, bagara disidente nahikotxo, baina periferian geratu ote gara? Galdera polita hausnartzeko. Momentuz ez naiz erantzuna aurkitzeko gai izan, eta urte nahikotxo daramatzagu, ez bakarrik nik, erantzun horren bila Dragoiaren Bola bailitzan.
Periferian geratu diren disidente digital horietatik, batzuk aipatu nahi ditut, gustuko ditudan batzuk agian. Beste zenbait irakurtzen ditut, baina teknologiaren afera aztertzen duen blog honek teknologia blogak aipatu nahi ditu 🙂
- Patxi Gaztelumendirekin hasiko naiz. Larrabetzuarra, sarean, herrian eta gure lursail txiki honetan ere, ezaguna. gaztelumendi.eus da bere bloga eta Internet gauza askotarako baliatzen du. Besteak beste euskal blogosferaren egungo egoeraren inguruan hausnartzeko, gai interesgarri desberdinen inguruan idazten du (oso adi irakurri nituen zure bidalketak Greziatik).
- Teknopataren txokoa beste erreferente bat da euskal blogosferan, nire ustez izan da, da eta izango da. Joxek teknologiaren inguruko bitxikeriak kontatzen dizkigu, bere umore propioarekin gainera, blog bidalketa arinak eta euskaltzaletasun amorratua.
- sarean.eus blog kolektibo bat da, gai desberdinak jorratzen ditu teknologiaren barruan eta idazle bakoitzak bere harrikada duela esango nuke. Blog honen kolaboratzailea naiz eta oso gustura aritzen naiz han, hori bai, etorkizunean komunitatea lantzeko zerbait egin beharko genuke.
- sustatu.eus, blogen aitzindaria (zenbat bisita ekarri ditu gure blogetara?), teknologia izan ohi da gai nagusia hemen ere, baina badira beste gai batzuk, euskara barne.
- Ikusi-makusirekin jarraituko dut, ez dut uste Txopik bere buruan blogaritzat duenik, izan ere ez du askotan idazten, baina bere hausnarketa totxoak irakurtzea gustuko dut. Bere blogak teknologia du aztergai eta gehienetan honen eraginak gizartean. Hortaz aparte, bitxikeria desberdinak.
- etzi.pm, beste blog kolektibo bat, etorkizun posibleak amesteko beste blogari dituen bloga. Ezinbestekoak izango dira bidalketa honen bukaeran egingo dudan proposamena garatzeko.
Ikusten duzuen moduan nire blog euskaldun erreferente gehienak teknologia eta gizartea dute ardatz, baina tira, sin dagit beste gai asko jorratzen dituztenak ere badirela.
Euskal blogosfera: etorkizuna
Baliteke bidalketaren hirugarrengo puntu honetara helduta proposamen zehatz bat egin beharra (normalean hala egiten dut) Patxik proposatzen digun blogosfera.eus inguruan… baina ez dut egingo. Urte asko dira elkarrekin jesarri, pentsatu, eragin eta proiektu bat garatzen ez dugula oilaskoa Andoaindar erara jaten dugun bitartean eta etorkizun posibleen inguruan guztiok batera hausnartzea bezalakorik ez dago.
Egin nahi dudan proposamena, euskal blogosferaren inguruko proposamen zehatz eta kolektibo bat egiteko aukera eman dezakeena da. Hau da, proposamena egiteko proposamena. Hartu lekukoa Patxi, karga arintzeko prest gaudenak ere bagara.
Patxi: zuren-zuzenean zuregana zuzenduko naiz. Larrabetzu herri txiki bezain xarmagarri eta polita da, gauza nahikotxo egin ditugu han-hemenka: bertsoak, guifi.net-en oinarriak jartzen hasi, kontzertuak gaztetxean… ez duzu uste horrenbeste eskaini digun Hori Bai gaztetxeari hausnarketa hau bere baitan egitea sor diogula? Noiz jarriko dugu data? Disidente digitalok badakigu nola antolatzen diren honelako hausnarketak. Ez da ez lehena, ezta azkena izango. Zuekin bada burua eragiteko prest nago, bakarrik sentitzen hasia naiz gaur nire ahulki honetan Debian honi begira eta bidalketa honekin bukatu behar dut.
Ez zait lagunak ikusteko tartea hartzeko konprometitzea baino bukaera hoberik bururatzen.
Bloga bloga mariñela!
Euskal blogak bogan…
Utzi erantzuna