Maiteminduen eguna omen da. Matasunik bada zeure bizitzan, erromantikoa izan zein bestelakoa izan, zorionekoa zu! Izan ere, sistema kapitalistak egun hau urtarrileko beherapenen ondakinei irteera emateko erabiltzen badu ere, aizu! Maitasuna ospatzea polita da. Ezta? Are gehiago software librearekin ospatzen baduzu. Gaurko kasuan F-Droid biltegiarekin.
Zorionez badut maitasunik, eta zorionez maite bat baino gehiago, baina bikote irekia garenez, maitasun horren zati bat zuokin elkarbanatuko nahiko nuke:
Aurrekoan F-Droid biltegi librea zer zen, nola instalatu eta nola erabili komentatu nizuen. Gaurkoan, oparien egun internazionala denez, opari bat egin nahi dizuet. Niretzako ezinbestekoak diren F-Droid biltegiko Android aplikazio libreen zerrenda gaurkotzea (urte t’erdi ia… nola doan denbora).
Aipamen berezi bat (…ados, bi)
Lehenik eta behin, zerrenda osatu orduko, beste aipamen berezi bat egin nahiko nuke: LineageOS. Bateragarriak diren smartphoneetan instalatzeko custom ROM bat. ROM honen onuren artean bi goraipatu nahi ditut:
- Software libreaz osatuta dago eta nahi izanez gero GAPPS instalatu gabe erabili dezakezu.
- 100 % euskaraz dago Librezalek egiten duen ezinbesteko lanari esker. Zenbat maite dugun Librezale!
Joan den hilabetean instalatu nuen LineageOS neure smartphonean eta pozarren nago. Zuon telefonoarekin bateragarria izatekotan, probatzera gonbidatzen zaituztet ๐
Ahal den neurrian, gure gailu guztiak askatu beharko genituzke.
Hortaz, hemen da bigarren proposamena:
F-Droid biltegiko ezinbesteko 8 aplikazio gehiago
- Calendula: Medikamentuak hartzea ez ahazteko erabili dezakezun aplikazioa. Gailuan, historiko moduko bat gordetzen du.
- Fedilab (lehen Mastalab): Mastodon (baita Pleroma/Peertube/GNU Social/Friendica) gizarte sarea(k) erabiltzeko bezeroa. Lehen Tusky erabiltzen nuen baina Fedilab-ek Tusky-k eskaintzen ez dituen gauza interesgarriak eskaintzen dituenez, aldatu egin nuen. Bikote irekiak gara.
- Ohiturak (Loop Habit Tracker): Ohiturak neurtzeko oso erabilgarria den aplikazio bat, adibidez, noiztik ez dut erretzen? Edo, zein egunetan irakurri dut liburu bat azken hilabetean?
- Riot.im: Matrix mezularitza zerbitzuarentzako bezeroa. Librea, federatua, segurua… hemendik gutxira Telegram ordeztuko duena ๐
- RiseupVPN: Riseup kolektibo anarkistaren doako (ekarpen ekonomikoak oso ongi etorriak izango dira) VPN zerbitzua erabiltzeko aplikazioa. Bitmask-en oinarritzen da. Ezinbestekoa.
- Tiny tiny RSS: RSS jarioa(k) irakurtzeko erabiltzen dudan bezeroa (Tiny tiny RSS-ren zerbitzaria izan behar duzu).
- Turtl: Evernote zerbitzu pribatibo eta pribatutasunik gabekoa ordezkatzeko proiektu oso polita. Momentuz probak egiten nago, baina itxura oso ona dauka.
- VLC: Nork ez du VLC ezagutzen? Bideo erreproduktore ezagunenen artean ezagunenaren Android bertsioa.
Momentuz, hemen bukatuko dut zerrenda. Ezin esan dezakezue maitasunaren egun honetan, opari berezia jaso ez duzuenik!
Ah!? Ahaztu orduko. Zer deritzozue maite dituzuen software librearen aldeko aktibistak zenbat maite dituzuen aitortzeari? Atzo ez bada, gaur.
Ni neu hasiko naiz:
Erabiltzen ditudan software desberdinak euskaratzen dituzuenoi: maite zaituztet ๐
Utzi erantzuna