Rate this post

F-droid, Android aplikazioak eskuratzeko biltegi aske bat da. Bertan aurkituko dituzun app guztiak software librea dira eta hortaz, gure Android sistema eragileak askatzeko aukera eskaintzen dizute. Aplikazio hauetako askok eta askok gaur egun erabiltzen dituzun aplikazio pribatiboak ordezkatzeko aukera eskainiko dizute, beraz, zergatik ez eskaini lerro batzuk?

F-droid zer den

Goian aipatu bezala, F-droid Android sistema eragileetan erabiltzeko biltegi bat da. Praktikan, instalatu behar duzun app bat da eta bere barruan, Google Play aske bat izango balitz moduan, beste app batzuk deskargatu eta instalatzeko aukera eskaintzen dizu.

F-droid logotipo

F-droid biltegian aurkituko dituzun aplikazio guztiak software librea dira, hau da, lizentzia askeak erabiltzen dituzte. Hortaz, software librea gustuko dugunok, eta horren defendatzaile garenok, aukera polita daukagu telefonoetan erabiltzen ditugun app pribatiboak alde batera usteko eta software librea erabiltzen hasteko.

Nola instalatu?

Oso erraza da, jo proiektuaren orrialde nagusira zure Android telefonoarekin, eta bertan zaudela, egizu klik “Download F-droid” botoian. Aplikazioa deskargatu bezain pronto berau instalatzea baino ez daukazu. Ezin baduzu instalatu, hirugarrengoen softwarea instalatzea desgaituta daukazula izango da. Hortaz, joan “MenΓΊ -> Ajustes -> Aplicaciones -> Habilitar fuentes desconocidas” eta baieztatu. Berriz instalatzen saiatu eta listo πŸ™‚

Nire ezinbesteko F-droid app zerrenda

Edonola ere, F-droid-ek badu gauza txar bat, edo nik behintzat txartzat jotzen dudana: ez zait bat ere erraza egiten bertan app interesgarriak aurkitzea. Nahiko astun egiten zait kategoria guztietatik nabigatzea ezagutzen ez ditudan aplikazioak kuxkuxeatzeko.

Horregatik, oso interesgarria deritzot F-droid biltegiko aplikazioak erabiltzen ditugunok gure blogetan zerrenda berriak egitea eta berauek eguneratzea. Izan ere, beste blog batzuk irakurtzen app berriak ezagutzeko aukera izango genuke. Horrek, beste Android aplikazio batzuk ordezkatzeko aukera eskainiko zuelarik.

Denok irabaziko dugu.

F-droid biltegiko ezinbesteko 20 aplikazio + 2

Hemen doakizue nire ezinbesteko Android app libre zerrenda:

  • AnySoftKeyboard: Software librea den teklatua, euskaraz dago Librezaleri esker.
  • AnySoftKeyboard Basque: Aipatutako teklatuan euskara hiztegia izateko app-a. Hanka sartze nabarmenik ez egiteko edo.
  • AnySoftKeyboard Spanish: Aipatutako teklatuan gaztelania hiztegia izateko app-a.
  • Barcode Scanner: QR code irakurgailu librea.
  • ConnectBot: SSH sesioak irekitzeko terminal bat da.
  • DAVdroid: Nextcloud hodeian ditudan egutegi, zeregin eta kontaktua sinkronizatzeko erabiltzen dudan aplikazioa.
  • Episodes: Ikusten ditudan telesailak eguneratuta mantentzeko aplikazioa, zeintzuk atal ikusi ditudan jakiteko ezinbestekoa.
  • Etar: Egutegi bat. Material design eta oso polita. Nextcloud egutegiak Android telefonoan kontsumitzeko erabiltzen dut.
  • Good Weather: Eguraldia ikusteko aplikazioa eta widgeta, iragarpen meteorologikoak egiteko aukera dauka OpenWeatherMape-ko datuak kontsumitzen dituelako. Widget-eko gauzatxo hau gorroto badut ere. Hau ere euskaraz daukazue.
  • KDE Connect: Debian (edo beste edozein GNU/Linux) sistema eragilearekin Wifi bitartez dokumentuak partekatzeko ezinbesteko aplikazioa. KDE jartzen badu ere Gnomerekin itzel dabil πŸ™‚
  • Nextcloud: Nire hodei propioan dokumentuak ikuskatzeko ezinbesteko aplikazioa.
  • Nextcloud Notes: Nextcloud hodeian oharrak hartzeko aplikazioa.
  • Nextcloud News: Nextcloud-etik kudeatzen dudan RSS jarioa irakurtzeko aplikazioa. Garraio publikoan, hor bai ezinbestekoa.
  • OpenTasks: Nire zereginak ordenan mantentzeko aplikazioa, hau ere Nextcloud-ekin sinkronizatzen da.
  • Orbot: TOR sarea erabiltzen duen nabigatzailea.
  • OsmAnd~: GPS libreen artean libreena, hau ere Librezalek euskarara itzulita. OpenStreetMap mapak lokalean, telefonoan bertan, gordetzeko aukera eskaintzen du, besteak beste.
  • Tricky Tripper: Bidaia baten gastuak partekatzeko ezinbesteko app-a, bidaian parte-hartzen duzuen pertsonen izenak idatzi, bakoitzak zer ordaindu duen esan… eta voila!
  • Tusky: Mastodon sare soziala erabiltzeko bezeroa.
  • andOTP: Aplikazio jakin batean (adibidez WordPress) bi pausuko autentifikazioa egiteko app da. Agian zuotako askori ez dizue ezertarako balio izango, baina tira, hemen uzten dizuet bada ezpada ere.
  • StreetComplete: OpenStreetMap mapa askea hobetzen laguntzeko aplikazioa, galdera batzuk erantzuten dizula modu oso erraz batean mapak hobetzen laguntzen dizu.

Ezinbestekoak ez, baina probatzen ari naizen beste app batzuk:

Momentuz hau da dena, aplikazio berriak aurkitzen joan ahala blog bidalketa berriak egiten jarraituko dut, ados?

Bitartean, goxatu software librea. Euskaraz, posible den heinean.

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu: