5/5 - (1 vote)

Librezalek Firefox nabigatzaile askea erabiltzearen aldeko kanpaina berri bat abiatu du. Hilabete honetako proiektua, beraz, maitasunaren inguruan orbitatzen du, euskaldun guztiok Firefox software libreaz berriz maitemintzera bultzatu nahi gaituzte.

Badira hamaikatxo argudio Firefox-en alde egiteko, hemen doakizkizue proiektu libre honi maitasuna adierazteko gehien baloratzen ditudan arrazoiak. Seguru nago hau irakurri eta gero beste nabigatzaile batzuk alde batera uzteko gogoa piztuko zaizuela.

Goazen zerrendarekin:

1. Firefox librea da eta euskaraz dago

Firefox software librea da, lizentzia askea erabiltzen du, horrek, besteak beste, hizkuntz desberdinetara moldatzeko aukera bermatzen du, tartean euskara. Librezalek egiten duen lan bolondresa dela eta nabigatzailearen bertsio berri bat kaleratzen den momentuan bertan, euskaraz izan ohi dugu. Librezaleren lan hori eskertzeko bakarrik bada ere… Firefox erabili.

2. Zuzentzaile ortografikoa dauka

Xuxen erabilita ez da erraza izango zure txio, e-posta edo blog bidalketetan akats ortografiakoak egitea. Euskaraz gain gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez ere idazten baduzu zuzentzaile bat baino gehiago instalatzeko aukera eskainiko dizu.

3. Zure gailu eta sistema eragile guztietan dabil

Ordenagailua, tableta, smartphonea, telebista… Windows, GNU/Linux, Mac, Android… erabiltzen duzun gailua eta sistema eragilea erabiltzen duzula, seguru nago gailu edo sistema eragile horrentzako bertsio bat egongo dela.

Adibidez: GNU/Linux, Android.

4. Zure pribatutasuna bermatu nahi du

Do Not Track, hau egiteko ezinbesteko konfigurazioa da eta Firefox izan zen hau bereganatzen lehena. Gaur egun hamaikatxo ezinbesteko gehigarri aurkituko dituzu.

Honen inguruan sakondu nahi baduzu ikusi hack.in#badakigu informatika elkartean egin genuen aurkezpen hau.

5. Leiho pribatuak ditu

Leiho pribatuak oso erabilgarriak izango zaizkizu: gurea ez den ordenagailu baten zerbitzu baten saioa hasteko, adibidez Twitter, lanetik bisitatu ditugun (eta ezin ditugun) webguneetan nabigatzeko…

Leiho pribatuak erabiltzean, adibidez, ez da historiala gordetzen.

6. Web estandarrak betetzen ditu

Webguneak, blogak eta oro har edozein web aplikazio garatzeko estandar komun batzuk ditugu, gauzak nola egin behar diren zehazten dituenak. Firefox estandar hauek ulertu eta barneratzen ditu. Seguru izan webgune bat ondo garatuta badago Firefox-en ondo ikusiko duzula.

7. Hamaikatxo gehigarri libre ditu denon eskura

Norberaren nabigazioak bere berezitasunak ditu, eta bakoitzak gehigarri zehatz batzuk behar ditu. Guztion behar izanak asebetetzeko Firefox gehigarri direktorio honetan nabigatu.

Adibide bat jartzeagatik, publizitatea ekiditeko gehigarri hau ezinbestekoa da, nik neuk nire Firefox guztietan instalatzen dut 🙂

8. Nabigatzailea nahi beste pertsonalizatu dezakegu

Ez bakarrik itxurari dagokionez, about:config atalean sartuz gero ehunka konfigurazio egiteko aukera eskaintzen dizkigu, eta bertan galduta sentitzen garenontzat ere badaude lagungarri izango zaizkigun gehigarriak.

Aurreko paragrafoan komentatu dudan bezala Firefox-en itxura aldatzeko aukera eskaintzen zaigu eta horrela, itxurari dagokionez pertsonalizatu genezake. Horretarako Firefox Personas gunera sartu.

9. Moldagarria eta ahaltsua da

Software librea izanik kodea hartu baino ez da egin behar beste proiektu bat garatzean edo beste proiektu baten erro bezala erabiltzeko, adibidez Tor Browser.

10. Firefox proiektuaren atzean Mozilla Fundazioa dago

Mozilla Fundazioak babesten dituen baloreekin bat egiten duzu? “Internet herriarentzat, irabazi-asmorik gabe“. Ikusi beheko bideo hau eta ezagutu Mozilla Fundazioa:

Hortaz euskalduna bazara, bueltatuko zara gurekin batera azken urteotan zehar horrenbeste maitatu izan dugun Firefox erabiltzera?

Eta zuk, zergatik maite duzu Firefox? Erabili iruzkinak 🙂

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu: