Firefox Focus Android
Jaitsi "Firefox Focus app berriarekin gure pribatutasuna hobetu nahi du Mozillak" lineaz kanpo irakurtzeko:

Internetetik nabigatzen duen edonork Mozilla Firefox nabigatzailea ezagutuko duen ziurtasun osoa daukat, are gehiago, zuek bezala, software librearen aldekoak izatekotan. Eta Mozilla Thunderbird? E-postak kudeatzekoa aplikazioa ezagutzen duzue? Nik neuk, egunero-egunero erabiltzen dut, bai lanean, bai etxean. Aplikazio bi hauek Mozilla Fundazioaren aplikazio nabarmenenak direla esango nuke, baina, hauetaz aparte, badira fundazio honek kudeatzen dituzten beste proiektu batzuk ere. Euren artean azkena: Firefox Focus.

Badira hilabete batzuk Mozilla Fundazioko langileek, komunitatearen laguntzarekin, Firefox Focus izeneko nabigatzaile bat kaleratu zutela iOS gailuentzat, hau da, iPhone eta iPadentzat. Bere funtzionaltasunen artean gure pribatutasuna bermatzearen aldeko apustu sendoa dago. Aste honetan Firefox Focus nabigatzailearen Android bertsioa kaleratu dute.

Zergatik garatu ote duten lehenik software pribatiboarentzat, eta zergatik ez diren aurkitzen ohiko Firefoxean aurkitzen ditugun hizkuntza guztiak (euskara kasu) alde batera utziz, nabigatzaile berri honen funtzionaltasunetan zentratuko naiz.

Firefox Focus eta pribatutasuna

Gure pribatutasuna bermatzeko ez ohiko nabigatzaile bat garatu du Mozillak, hori argi geratu dela suposatzen dut. Baina, nola kudeatzen du Firefox Focus app berri honek gure pribatutasuna?

  1. Android app berri honek gure nabigazioa miatua ez izateko aukera eskaintzen digu. Ez da gaitasun hau duen lehen nabigatzailea, baina blog askotan Android sistemetan lan hau egiten duen aplikaziorik onena dela irakurri dut. Probatu eta utzi zuon iruzkinak.
  2. Webguneak arinago nabigatzeko aukera eskaintzen digu, izan ere, edozein internautentzat gogaikarriak diren iragarkiak blokeatzeko aukera eskaintzen digu.
  3. Momentu oro pantailan agertzen zaigun ikono baten klik eginez, gure nabigazio guztia ezabatzeko aukera eskaintzen digu.
  4. Webgune bakar bat nabigatu dezakegu aldi berean, hau da, ez dago estekak fitxa berrietan irekitzeko aukerarik.
  5. Diseinu aldetik oso erakargarria eta minimalista dela aipagarria deritzot. Itxura polita dauka.
  6. Mozillak badaki iragarki horiek blokeatzen dituzten nabigatzaileek ez direla webgune guztien lagun, nabigazio modu hau desgaitzeko aukera eskaintzen digu.

Gauza gehiago egiten dituela jakin behar dugu, baina nire ustez, funtsean, hauek dira funtzionaltasun nabarmenenak.

Firefox Focus instalatu eta probatu

Momentu honetan Firefox Focus app berria RC egoeran dago Androideentzat, hau da, release candidate, zer esan nahi du horrek? Software garapenaren fase bat dela jakin behar dugu. Arin azaltzeko: behin-betiko aplikazioa nolakoa izango den erakusten diguten behin-behineko aplikazioaren konpilazioa da. Oso sendoak izaten dira, hau da, oso erabilgarriak.

Mozilla Fundazioaren orri nagusian ikus daitekeenez, GitHub gunetik deskargatu beharko dugu apk fitxategia gure Androidean eta jaitsitako apk fitxategi horretatik instalazioa burutu. Beste barik.

Firefox Focus

Bi bertsio aurkituko dituzue webgune horretan, Klar 1.0 izeneko bat, Alemanian, Austrian eta Suitzan erabiltzeko bertsioa eta Focus 1.0 munduko beste edozein naziotan erabiltzeko bertsioa, Euskal Herrian barne.

Joan GitHub-era, jaitsi Mozilla Fundazioaren Firefox Focus app berri hau eta probatu zuon Androidetan. Seguru aski ez da eraginkorra izango egunero burutzen dugun ohiko nabigazioa burutzeko, baina zenbait kasutan, non gure pribatutasuna zaindu nahi dugun, oso erabilgarria aurkituko duzue.

Artikulu hau Kolaborazio bat da

Artikuku hau sarean.eus agerkari digitalean egin dudan kolaborazio baten kopia da, egizu klik beheko botoian sarean.eus-en irakurtzeko.

Ikusi

No votes yet.
Elkarbanatu:
Egilea Dabid Martinez
Ekintzailea. #SoftwareLibre, subiranotasun teknologiko eta eskubide sozialen defendatzaileetako bat. Maiz, hack.in#badakigu-​n edo sarean.eus-en.