Erakunde publikoak eta software librea

,
Rate this post

[puntueuskolaborazioa]

Uztailaren 14an Gorka Juliok Twitter bitartez bidalitako txio bati esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo hiru urteetarako Microsoft lizentzietan gastatuko duen diru kopuruaren berri izan nuen. Datu gordin horrek, harrituta utzi ninduen. Gipuzkoa Irekira zuzentzen zuen txio hori ikustean sarean.eus-eko artikulu honen gaia erabaki nuen, atoan.

Izan ere, ez da diru gastu kantitate makala eta kontutan hartu beharrekoa da lizentzien datua besterik ez dela jasotzen, horri, zerbitzu teknikoa eta beste enpresa batzuei, adibidez, WMware, ordaintzen zaiena gehitu behar zaio.

Seguru aski beste herrialde historiko guztietan berdin gertatuko da, behar izanetatik goragoko diru kantitateak ordainduko ditugu lau urterik behin. Nire uste apalean, desberdintasun nabarmena dago inbertsio eta gastu baten artean: gastuak inongo atzera elikadurarik ez duen dirua suposatzen baitu.

Egin beharrekoa

Erakunde publikoek software librea erabiliko balute, bi onura mota desberdin jasoko genituzke: erakunde publikoan eta jendartean bertan. Bururatzen zaizkidan onuren artean hurrengo hauek nabarmendu nahi ditut, dakizuen moduan, zerrenda zalea bait naiz:

  • Lehenik eta behin, diru hori gastu izatetik inbertsio izatera pasatuko litzateke. Software librean lan egiten dugunok badakigu aspaldi software librera migratzeak kostu ekonomikoa eta kultur teknologiko aldaketa suposatzen dituela. Nahiz eta software librearen kostu ekonomikoa askoz murritzagoa izan (besteak beste ez dira lizentziak ordaindu behar), formakuntza eta zerbitzu inbertsio bat suposatzen dute. Edozein kasutan, askoz etikoagoa deritzot kontsumitzen dugun zerbitzu baten inbertitzea, serie zenbaki baten dirua gastatzea baino.
  • Bigarrenik, software libreak, erakunde publikoak burutu beharreko inbertsioa herrian bertan geratzeko aukera eskaintzen digu. Jakin badakizue, gurean hamaikatxo enpresak ematen dietela sustengua software libreari, hauek Euskal Herrian zergak ordaindu ez ezik, hemen kontsumitzen dute.
  • Hirugarrenik, Euskal Herriko langabezia tasa murrizteko aukerak eskaintzen ditu. Bertoko enpresekin lan egiteak bertoko langileekin lan egitea suposatzen baitu. Hala ez balitz, nahikoa litzateke klausula sozialak ezartzearekin.
  • Azkenik, eta beste zenbait arrazoinamendu buruan utzita, euskara teknologia arloan bultzatzeko aukera paregabea da. Aurrezten dugun dirua software librea euskaratzera bideratu genezake, era horretan, gaur egun euskaraz eskuragarri ez dugun softwarea gure hizkuntzan kontsumitzeko aukera izango genuke, diru hori jendartearen mesedetan inbertituz.

Hemen laburbiltzen ditudan argudio guztiak ez dira ez berritzaileak ez nireak, izan ere, Alemaniak, Frantziak, Italiak, Errusiak edo Venezuelak (zerrenda askoz luzeago baten artean) bereak egin zituzten aspaldi software librera migratzeko erabakia hartu zutenean.

Bukatzeko, asmatuko zenuten moduan, gogoeta bat. Erakunde publikoek software librea bultzatu eta erabiliko balute, kostu ekonomikoak murrizteaz gain jendartearen hezkuntzan aldaketa parametro interesgarri batzuk ere ezarriko lituzkete: askatasuna, kolaborazioa edota lankidetza. Erakunde publikoek software librea bultzatuko balute, baliteke (behintzat aukera hori zabaltzen du) hezkuntza sistemak ofimatika alde batera utzi eta etorkizuneko software aske erabiltzaile, kudeatzaile edo itzultzaileak hezten hastea. Eta are garrantzitsuagoa: Euskal Herriko software librearen komunitatea babestea.

Bada garaia.

Ad unum omnes.

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude