Hamar urte baino gehiago izango dira jada, baina nire bizitzako momentu puntual baten, etorkizunean zer egin nahi nuen pentsatzen jarri nintzen. Egia esan ez dut uste momenturik egokiena zenik, izan ere, galdera honen erantzuna ez da erraza izaten hain gaztea izanda: zer egin nahi dut nire etorkizunarekin? Auskalo, baina lanbide heziketaren alde egingo dut.

Gaur zuon etorkizuna nondik bideratu pentsatzen ari zareten ikasle horiei nire esperientzia kontatu nahi dizuet, bide batez beste bide bat hartu zutenei ere beste ikuspuntu bat emateko gogoa daukat.

Ezagutzen nauzuenok, edo nirekin lan egin duzuenok, badakizue lanbide heziketa hautatu nuela nire informatika ikasketak egiteko. Garai baten Ibar Ezkerra ikastola politeknikoa izena zuen lanbide heziketa zentroan ikasi nuen, Portun. Gaur egun, Bilbon kokatzen da ikastola, Harrobia Plazan, eta Harrobia Ikastola izena dauka. Momentu hartan lanbide heziketa aukeratzeko argumenturik pisutsuena praktikara zuzendutako ikasketak zirela izan zen, eta lehen momentutik argi neukan, eta gaur ere ideia berdina mantentzen dut, are gehiago, berresten dut, ez zirela bigarren mailako ikasketak. Utzi nazazue azken ideia hau gehiago garatzen.

Lanbide heziketaren alde bururatu zaizkidan zazpi argumentu:

Lan munduarekin konektatutako ikasketak

Lanbide heziketak, lanean hasteko profesional gaituak sortzen ditu. Ikasketak irauten duten denboran oinarri sendoak ezartzen ditu lan munduari begira. Informatikaren kasuan, adar asko ukitzen dituen heziketa da: sistema eragileak, sare lokalak, web aplikazioak…

Heziketa katalogo itzela

Azken urteotan gero eta lanbide heziketan ikasi duten langile gehiago kontratatzen ari dira enpresetan, hortaz, heziketa katalogoa ikaragarri handitu da. 36 familia inguru omen daude, beraz, nahi duzuena ikasteko aukera izango duzue.

Lanbide heziketa ez da ikasle txarrentzat

Uste faltsu bat dago (zorionez inoiz pairatu ez dudana), lanbide heziketa ikasi dugun ikasleok bigarren mailako langileak garela. Aipatu dudan bezala, ez dut inoiz horrelako jarrerarik nozitu, lan egin dudan talde guztietan ondo sentitu naiz. Egia da, Lanbide heziketak oinarri sendoak ezartzen dituela, beste edozein heziketa adarrek ezarri beharko lituzkeen moduan, baina egia da, bestalde, zuen kabuz gauza gehiago ikasi eta ikertu beharko dituzuela. Izan ere, hautatzen duzuen heziketa hautatzen duzuela autoikaskuntza ezinbestekoa izango da, behintzat informatika adarra aukeratzen baduzue.

Ikasleen behar izanetara moldatzen den heziketa da

Ikasten ari nintzen bitartean taberna baten egiten nuen lan. Astean zehar ikasketetan zentratzen banintzen ere lanbide heziketak asteburuetan lan egiteko aukera ematen zidan. Izan ere, ez ditut inoiz 500 orriko manual teknikorik irakurri behar izan eta hori asko arintzen ditu ikasketak eta bizi pertsonala moldatzeko aukera. Gogoangarri zaidan totxo bakarra informatika hasi zenetik merkatuan zeunden mikroprozesadore guztiak eta haien ezaugarriak ikastea izan zen. Agian zigor modukoren bat izan zen, auskalo 😉

Heziketarekin jarraitzeko aukera zabaltzen du

Erdi mailako ikasketak egitekotan goi mailakoak egiteko bidea zabaltzen du. Era berean, goi mailakoak burutzen badituzue Unibertsitatera joateko ateak zabaltzen zaizkizue. Eta hori garrantzitsua da.

Praktikak enpresetan, internazionalizazioa eta Erasmus aukerak

Lanbide heziketa hautatzen baduzue, atzerrian praktikak egiteko aukera izango duzue, gure kasuan klaseko inork ez zuen horrelakorik egin, baina aukera, egon badago. Edonola ere, Euskal Herriko enpresa desberdinetan praktikak egiteko aukera zabaltzen dute, eta naiz eta praktika hauek beste modu batean kudeatu beharko zirela uste dudan, ezinbestekoak dira lan munduarekin lehen harremana izateko. Nire kasuan, irakasleek soberan zekiten software librearen aldekoa nintzela eta software librearekin lanean hasi nintzen ESLE elkarteko enpresa batean, haiek bideratuta. Horrek bideak ireki zizkidan gaur egun ere software librearekin lan egiten jarraitzeko.

Ekintzailetasuna

Dakizuen moduan, Gaueko Kooperatiba sortu genuen lankide batzuen artean. Haietako bat, Joseba, nirekin batera burutu zituen bere ikasketak. Kooperatiba itxi behar izan bagenuen ere oso esperientzia aberasgarria izan zela esaten dut beti. Tira, lanbide heziketak ekintzailetasun laborala martxan jartzeko gaitasunak emango dizkizue, horren inguruko formazio zabala eskaintzen baitute. Guretzat, behintzat, guztiz ezezaguna zen mundu hori ezagutzeko bidea eskaini zigun. Eta egin genuenaz arro gaude 🙂

Laburbilduz: lanbide heziketak jorratu nahi duzuen lanbidean txertatzeko oinarri sendoak jarriko ditu, zuen kabuz gehiago ikasteko prest egon behar bazarete ere (gomendio pertsonala da). Heziketa zuen behar izanetara moldatuko da, izan ere, ez da berdina 300 ikasle dituen irakasle batekin ikastea edo 40 dituen batekin egitea. Gehiago ikasi nahi baduzue heziketarekin jarraitzeko aukera emango dizue eta bukatzeko lan munduarekin lehen harremanak izatera bideratuko zaituzte.

Lehen paragrafoan esan dudan bezala, hamar urte pasa dira nire ikasketak burutu nituenetik eta atzera begiratzen badut, gaur, berriz ere, lanbide heziketa aukeratuko nuke, zalantza izpirik gabe. Bukatzeko, informatika egin nahi baduzue Harrobia ikastolan, euskara hutsean, egitea gomendatzen dizuet, ez izan zalantzarik.

Nire hitzak zuen erabakian lagungarriak izatea espero dut eta hitz ematen dizuet bidalketa hau ez duela inork ordaindu 🙂

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu: