Apirilaren lehen astean kontatu nizuen moduan, Azkue Fundazioaren Blogetan! sari banaketan burutu zen mahai inguru batean parte-hartu nuen. Ekitaldi horretan, besteak beste, Azkuek blogen inguruko zenbait datu plazaratu zituen, datuen artean euskal blogarion zenbatekoak erabiltzen genituen lizentzia aske desberdinak. % 24 inguru zela gogoratzen dut. Blogari askok lizentzien inguruko hausnarketa egin ez dutela aitortu zutenez, hona nator blogean lizentzia askea ezartzeko paradisu tropikal zabal honen berri ematera, edo, behintzat, saiatzera.
Zure blogari lizentzia aske bat ezartzea ez da beste munduko lana, baina ezarri orduko hausnarketa pertsonal bat egin behar duzula uste dut. Nire ustez, hausnarketa hori egiteko lagungarri izango dituzu hurrengo ideiak.
Lizentzia askea ezartzeko hiru arrazoi
Hemen doakizue blogger batek lizentzia aske bat erabiltzeko ezagutzen ditudan hiru arrazoi nagusi. Nik neuk, lizentzia aske bat erabiltzeko autua egin nuenean lehen biak oso kontutan izan nituen.
- Mendekotasun erlazioa baztertzen dute: edonork, diru sarrerak edo gaitasun teknikoak izan edo ez, zure lan bat erabiltzea ahalbideratzen du. Hau da, urradura digitala baztertu eta edukien demokratizazioa bermatzen du.
- Jakintzaren elkarbanatzea ahalbideratzen dute: modu estandarizatu baten sortzaile baten lana ezagutzera emateko, eta horrekin batera jakintza demokratizatzeko, bide legalak ezartzen ditu.
- Kostu ekonomiko eta administratiboak gutxitzen ditu: lan jakin bat publikatzeko beste batzuk erabiltzea daukan kostua gutxitzen du. Hau da, zure blogerako beharrezkoa izango duzun argazki baten erabilera kostua gutxitzen du.
Beste hamaikatxo arrazoi badaude ere, hiru hauek zuen gustukoak izango direla aurre-suposatu dut.
Lizentzia askea edo lizentzia askeak?
Lizentzia askean munduan hamaikatxo lizentzia daude, eta ez ditut guztiak aipatuko, hemen blog baten erabili daitezkeen lizentzia aske ezagunenak jorratuko ditut, baita ere nire aukeraketa zein izan den aipatu.
- Ezezaguna: FDL, software librearen dokumentazio teknikoa lizentziatzeko gehien erabiltzen den lizentzia dela esango nuke. zure blogaren gaien arabera, interesgarria izan liteke lizentzia hau erabiltzea.
- Ezagunenak: Creative Commons, lizentzia libre ezagunenak dira eta lan asko lizentziatzeko erabiliak izan dira azken urteetan, musika, bideoak, blogak… lizentzia mota desberdinak ditu eta gure behar izanen arabera aukeratu dezakegu.
- Nire aukera: Creative Commons BY-SA. Nire aburuz hau da Creative Commons lizentzipean aurkituko duzun lizentziarik demokratikoena, jakintza askearen sinesle naizen honetan, lizentzia demokratikoena da. Edukia zabaldu, erreproduzitu edo eraldatzeko baimena ematen duelako eta era berean eduki hori erabilita sortzen diren beste edukiak libreak sortzera derrigortzen duelako.
Creative Commnos lizentzien semaforoa
Creative Commons lizentzia desberdinak semaforo arrunt batekin alderatu zituen Txopik aspaldi. Irudi honek Creative Commons lizentzien ekosistema modu arin eta bisual baten identifikatzen lagunduko zaitu. Aipagarria da Creative Commons-en semaforoa zuokin laborategia.eus-en elkarbanatzeko aukera, irudiak duen lizentzia askeari esker dela. Hau da, lizentzia libre bat ezartzeko bidalketa honen hasieran aipatu ditudan hiru arrazoiak betetzen ditu.
Txopik bere blogean azaltzen zuen moduan:
Bukatzeko, koloreen zergatia azalduko dut. Denok ezagutzen dugun copyright lizentzia arrunta, oso murriztailea da eta lanarekin ezer gutxi egiten uzten du. Horregatik jarri dut aukera hau semaforoaren alde gorrian. Alde horian berriz, CC lizentzia batzuk jarri ditut. Lizentzia hauek ez dira hain murriztaileak, egoera batzuetan edo baldintza batzuekin, lanak kopiatu, aldatu edo argitaratzeko aukera ematen baitute. Baina lanak libretzat hartzeko, behar baino murrizketa gehiagorik ezin dute izan. Horregatik agertzen dira BY-SA, BY eta CC0 semaforoaren alde berdean.
Lizentzia aske bat aukeratu dut, nola lizentziatzen dut nire bloga?
Bukatzeko zure blogerako lizentzia zein izango den aukeratu duzunean hurrengo pausuak bete beharko dituzu, blogean lizentzia berria ezartzeko asmoz:
Lizentzia aukeratu eta HTML kopiatu
Sartu Creative Commons Licence Choose webgunean eta bertan aurkituko duzun inprimakia bete. Demagun laborategia.eus-en egiten dudan modu berean Creative Commnos BY-SA aukeratzen duzula, kasu horretan inprimakiak behean ikusi duzun GIF-aren itxura hartu beharko luke. Lizentzia aukeratuta beheko aldean aurkituko duzun “Have a web page?” atalean HTML kopiatu beharko duzu, zure blogean itsatsi behar duzu eta.
Zure blogean kokatu
Joan zure WordPress blogera eta hiru aukera dituzu:
- HTML-a kontrolpean baduzu bilatu zure itxurako footer.php fitxategia eta lizentzia agerrarazi nahi duzun lekuan itsatsi. Footer.php fitxategia honela aurkituko duzu:
- Aurkezpena > Editorea > Itxuraren orri-oina (footer.php).
- HTML lengoaia kontrolatzen ez baduzu widget bat sortzea aukera ona izango litzateke, kasu honetan hurrengo helbidean aurkituko duzu:
- Aurkezpena > Widget-ak, hor zaudela aukeratu, HTML Widget kokatu nahi duzu, sidebar-eko lekuan kokatu eta itsatsi HTMLa.
- Zure itxurak copyright-a konfiguratzeko atala du? Erabili 🙂
Pausu guzti hauek jarraituta zure blogeko edukiak lizentzia askea izango du eta euskal blogari komunitatean ekarpen oso interesgarria egiten egongo zara 🙂
Utzi erantzuna