Eguneraketa
@elegose@mastodon.eus
profila sortu dugu taldea kudeatzeko eta eguneraketak jasotzeko.

Joan den urteko azaroan aurkeztu genuen mastodon.eus, Mastodon sare libre eta deszentralizatuaren euskal instantzietako bat. Ordutik hona 1500 erabiltzailetik gora lortu du euskal instantzia honek eta hauek 16500 mezutik gora bidali dituzte. Sare sozial libre honetan jorratzen diren gaiak askotarikoak dira: 1500 erabiltzaile profil desberdinek sortu dezaketen aniztasunaren parekoa.

mastodo.eus logotipoa
Mastodon.eus instantziaren logotipoa

Mastodon.eus-en gauden erabiltzaile batzuek (zein beste instantzietan egon daitezkeen erabiltzaile euskaldun desberdinek) irakurketa talde euskaldun eta ireki bat osatzea pentsatu dugu hilabete honetan. Talde hasi berria da eta saila iruditzen zait etorkizuna zein izango den jakitea, baina helburua hilero-hilero euskarazko liburu bat aukeratu, irakurri eta komentatzeko erronka mantentzea da.

Oraingoz otsaileko irakurketa zein izango den aukeratzeko proposamenak jasotzen ari gara. Momentuz, sei irakurketa proposamen jaso ditugu:

  • Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua, Edorta Jimenez.
  • Ez tiro egin anbulantziei, Mikel Ayllon.
  • Fakirraren ahotsa, Harkaitz Cano.
  • 19 kamera, Jon Arretxe.
  • Zaldi beltzak zeruan, Txomin Peillen.
  • Uzta gorria, Dashiell Hammetten (itzulpena Xabier Olarra).

Proposamenak egiteko tartea zabalik dago eta erronka honetan parte hartu nahi duen edonork otsailerako irakurketa proposamenak egin ditzake #otsailerakoproposamena traola erabiliz, urtarrilaren 22a izango da proposamenak jasotzeko azken eguna. Egun horretan, proposamen guztiak jaso eta inkesta bat irekiko dugu eta jasotako irakurketa proposamen guztiak bozkatzeko aukera egongo da. Inkesta horretatik aterako da, hain zuzen, otsailean irakurri beharreko liburua. Inkesta betetzeko azken eguna urtarrilaren 31a izango da. Otsailaren 1ean irakurri beharreko liburua zein den argitaratuko dugu. Hortik aurrera traola #otsailekoliburua izango da.

Liburua aukeratuta dagoenean hilabeteko tartea izango dugu liburua irakurtzeko eta komentatzeko (bakoitzak nahi duen momentuan eta eran aipatutako #otsailekoliburua traolarekin, baina adi spoilerrekin!). Iruzkin horiek guztiek Mastodon-en zentratuko direla aurreikusten badut ere, Fedibertsoko sare desberdinetan zabaltzeko aukera egongo da.

Talde irekia denez edonork parte hartu dezake eta gainera oso erraza da:

  1. Hasi saioa zeure Mastodon instantzian. Adib: mastodon.eus (erabiltzailerik ez baduzu hemen sortu dezakezu).
  2. Proposatu nahi beste liburu #otsailerakoproposamena traola erabiliz.
  3. Urtarrilaren 22tik aurrera bozkatu irakurri nahi zenituzkeen liburuak egun horretan publikatuko dugun inkesta betez.
  4. Aukeratzen dugun liburua irakurri, goxatu eta komentatu #otsailekoliburua traola erabiliz.

Irakurketa on!

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu: