Zera esan nuen joan den asteburuan mastodon.eus sare libre eta euskaldunean. Podcast bat hasiko nuela laborategia.eus blogean:
Eta hitza beteko dut.
Agian pentsatu dezakezu podcast-en inguruan berba egiteko publikatzen dudan lehen blog bidalketa honetan audio fitxategi bat aurkituko zenukeela. Barkatuko nauzu, zure esperantzekin jolastu izana sentitzen dut (kar, kar, kar), baina oraindik ez dut “Laborategian” lehen saioa grabatu.
Egin orduko, teknologia honen inguruko bi hitz konpartitu nahiko nituzke zurekin.
Podcast bat zer den
Maila teknikoan, zure ordenagailu, tableta edo telefono mugikorrean, RSS jario berezi bat erabiliz, entzun ditzakezun multimedia fitxategiak dira. Kasu honetan, audio fitxategiak, baina bideoak ere izan daitezke.
Funtsean, MP3 fitxategiak dira eta programa desberdinak erabiliz berauek entzuteko aukera daukazu. Nabigatzaile sinple bat, Firefox kasu, nahikoa izango litzateke podcast baten saio bat entzuteko. Baina RSS jario irakurle berezi bat erabilita, podcast jakin batek dituen saio berrien notifikazioak izango dituzu, egunero podcast horietan zerbait berria dagoen ikusteko blog horietara sartu behar izanik gabe.
Azken urteotan Interneteko banda zabaleren handitzeak funtsezko garrantzia izan du honelako multimedia formatuak modu errazean zabaltzeko. Eta, nola ez, nahi izanez gero zure etxeko/irrati libreko/gaztetxeko goxotasunean autoekoizteko.
Nola entzun dezakezu podcast bat
Ba oso erraza da. Podcast-ak entzuteko programa bat baino ez duzu behar izango, eta, noski, entzun nahi duzun saioaren helbidea.
Has gaitezen hasieratik.
Android gailuetan podcast desberdinak entzuteko aukera izateko, nahikoa izango duzu AntennaPod bezalako app bat instalatzearekin. Software librea denez, nahi izatekotan F-Droid biltegitik jaitsi dezakezu (Google Play-n ere badago).
GNU/Linux sistema eragilean podcast-ak entzun nahi badituzu gPodder bezalako aplikazio bat erabili dezakezu. Beste asko ere badaude, beraz, erabiltzen duzun banaketaren software biltegitik bueltatxo bat eman eta instalatu gustukoen duzuna 🙂
Nik neuk, Android-eko aplikazioa bakarrik erabiltzen dut. Izan ere, podcast-ak garraio publikoan noanean edo lanean nagoenean bakarrik entzun ohi ditut. Gehienetan autobusean. Hortaz, ez dakit zein den GNU/Linux aplikaziorik gomendagarriena. Baina erraz aurkituko duzue gustukoren bat.
Nola aurkitu podcast interesgarriak?
Nire ustez, egunerokotasunean irakurtzen dituzun blogak, podcast-a duten jakitea da lehen pausoa, baina egunero blogak irakurtzeko ohiturarik ez duzuenontzat erabilgarria suertatuko zaizue podcastak.eus webgunea.
Euskaraz dauden saio asko aurkituko dituzulakoan nago. Beraz, saltseatu webgunean eta seguru gustuko zerbait aurkitzen duzula.
Laborategian
Eta bukatzeko autobonboa.
Aspaldi nabil ideia berberarekin bueltaka. Laborategia blogeko podcast-a sortzea: Laborategian. Nire helburua beti izan da software librea, teknopolitika eta pribatutasunaren inguruko hausnarketa kritiko pertsonalak jendarteratzea eta azken urteotan audio eta bideo formatuak izan duten gorakada ikusita, nik ere baliatu nahi nituen. Baina ez naiz kamara baten aurrean jarriko.
Irratia oso gustuko dut eta hamaikatxo irratsaio entzuten ditut, gehienak libreak. Gainera, zenbait irrati programetan, oso gustura, kolaboratzaile aritu izan naiz urte luzez: Euskadi irratiko @abildua, Hala Bedi irratiko Zebrabidea, Irola irratiko Bit itsasoa, info7 noizbait… baina beti izan dira elkarlanean burututako irratsaioak edo kolaborazioak.
Orain, Laborategian izeneko podcast batekin hasteko momentua heldu da. Eta blog honetan aurkitu ahal izango dituzue saio guztiak.
Mantso-mantso asteko, eta herdoila kentzeko, hilabetean behineko maiztasuna izango du eta programa bakoitza 10-15 minutu inguruko iraupenekoa izango da. Zer aurkituko duzuen bertan? Ba betikoa: software librea, teknopolitika eta pribatutasuna. Hori baita eroso sentiarazten nauen esparrua.
Laborategian entzun nahi izatekotan, goian aipatu bezala, nahikoa duzu AntennaPod instalatzearekin eta Laborategian podcast-aren helbidea ezagutzearekin. Lehen ehun programetan “eeeeeh” asko entzungo dituzulakoan nago, baina tira, garagardo tragoxka bat edan horrelako bakoitzeko eta kitto 🙂
Garagardoa zure kontu.
Utzi erantzuna