TOR proiektuak aurkezpenik ez duela behar uste dut, gure online pribatutasuna bermatzeko ezinbesteko proiektua da, baina oraindik ere uste faltsu asko daude teknologia honen atzean. Uste horiek desmuntatzeko asmoz EiTB-ko Hirigorrian saioan egin zidaten elkarrizketaren audioa elkarbanatu nahi dizuet gaurkoan. Bertan Deep Web-aren eta TOR-en inguruan hitz egiten dut pribatutasuna hausnartzeko asmoz.

TOR-ek aurkezpenik behar ez badu ere goazen hasieratik:

Zer da TOR?

TOR, The Onion Router, pribatutasunean oinarritutako sare banatu bat sortzea helburu duen proiektua da. Sare hau Internetera gainjarrita dago eta erabiltzaileen artean burutzen diren komunikazioek ez ditu erabiltzaileak, IP-ak, identifikatzen.

Helburu horiek garatzeko asmoz TOR-ek software librean oinarritutako enrutazio teknologia bat garatu zuen. Teknologia horren erabilerarekin gure eguneroko nabigazioan burutzen ditugun eragiketak nodo izeneneko ordenagailu batzuetatik pasatzen da. Labur esanda, nodo bakoitzak zifratu geruza bat ezartzen dio komunikazioari eta softwareak berak kudeatzen du zifraketa eta deszifraketa. Proiektuaren Onion hitzak geruza motako zifratu honi egiten dio erreferentzia.

Bukatzeko TOR proiektuaren atal ezagunena den TOR Browser azaldu beharra dago. Tor browser, TOR teknologia erabiltzea ahalbideratzen duen web nabigatzaile bat da. Egunero erabiltzen ditugun nabigatzaileen itxura berdina dauka, baina, aipatu bezala, TOR sarea erabiltzen duela da bere desberdintasun eta abantaila nagusia. Hau da, web nabigatzaile honekin burutzen dugun eguneroko nabigazioa TOR teknologia eta estandarrak erabiliz egiten da. Horrek gure pribatutasuna bermatzen du.

Zertarako behar dut TOR-ek eskaintzen didan pribatutasuna?

Jakin behar duzun lehenengoko gauza ideia sinple baten laburbildu nahi dut, izan ere, ez dut TOR-en inguruko artikulu luze bat idatzi nahi, horretarako badago beste hau.

TOR-ek ezin ditu anonimotasun arazo guztiak konpondu. Baina gure eguneroko bizitzan erabiltzeko oso baliagarri izango zaigun teknologia da. Android-en pribatutasuna bermatzeko aplikazioen inguruan berba egin nuenean bideo interesgari bat jarri nizuen, ikus ezazue, Maria Peiranok ni baino hobeto erantzuten dio galdera honi. Oso bideo didaktikoa da 😉

TOR proiektutik galdera honen erantzuna eskaini ziguten. TOR-ek bere proiektua azaltzen duen bideo bat sareratu zuen, azpitituluak hartu eta bideoa euskaratu nuen, hemen doakizue:

Hirigorrian saioan egin didaten elkarrizketa

Aitortu behar dizuet: urduri nengoen, oso arin berba egin nuela jakin badakit, izan ere gauza asko komentatu nahi nituen eta tarte gutxi geneukan. Baina tira, orokorrean ondo aritu nintzela uste dut eta TOR-en hastapen moduan erabili dezakezue 😉

Eguneroko bizitzan erabili beharko nuke?

Elkarrizketaren azken momentuan: “entzule guztiak TOR erabiltzera gonbidatzen ditut”, esan nuen. Eta bai, hala da, eguneroko bizitzan TOR erabiltzera gonbidatzen zaituztet. Zuen online pribatutasuna bermatu nahi duzuenok, behintzat, zuon ordenagailu, telefono mugikor eta tabletetan instalatu behar duzuen aplikazioa deritzot.

TOR probatu nahi duzuenontzat hemen erabiltzen hasteko erreferentzi nagusiak:

  1. TOR Project.
  2. TOR browser.
  3. Android-en erabiltzeko aplikazio bi behar dituzue: Orbot eta Orfox.

Hurrengoan urduritasun gutxiagorekin egitea espero dut. Bitartean, beheko Telegram taldera batuz, TOR eta online pribatutasuna ezagutu. Ez zaizue damutuko 😉

[behatokia]

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu: