Laborategia 2.0

Software librea eta ahalduntze kolektiboa

Zeure sare sozialak atoan ezabatzeko hamar arrazoi


Zeure sare sozialak atoan ezabatzeko hamar arrazoi
5/5 – (2 votes)

Zinez interesgarria iruditu zaidan liburu baten aipamena egin nahi dut gaurko honetan. “Diez razones para borrar tus redes sociales de inmediato“, Jaron Lanier.

Diez razones para borrar tus redes sociales de inmediato, portad

Informatikaria da Jaron Lanier, besteak beste, aitzindaria da errealitate birtualaren garapen eremuan eta I2 bezalako proiektu akademikoetan lan egin du. Musika sortzailea ere bada. Baina gaur gehien interesatzen zaigun Jaronen fazeta, “Web 2.0” deritzonarekiko egindako kritika zorrotzena da. Interneten afera modu kritikoan azaltzen dituen liburu desberdinak idatzi izan ditu, aipagarrienak agian gaur hemen laburbilduko dudan “Diez razones para borrar tus redes sociales de inmediato” edo “Maoísmo digital: los peligros del nuevo colectivismo en línea” (Edge aldizkaria 2006ko maiatza).

Diez razones para borrar tus redes sociales de inmediato” liburuak duen izenburua kontutan hartuta, egia da ez duela azalpen askorik behar, izan ere, liburuan horixe bera aurkituko duzu: Jaronen ikuspuntutik sare sozialak kritikatzeko hamar argumentu desberdin. Argumentu bakoitzak liburuaren atal bat osatzen du eta atal bakoitzeko sakontasun maila oso altua lortzen du, astun bilakatu gabe. Artikulu eta erreferentzia askotarikoetan oinarrituz maila teknikoan, filosofikoan eta politikoan aztertzen ditu sare sozialekin (eta sare sozialetan) ditugun harremanak. Laburbilduz, liburuak Jaronen ustez sare sozialak gizartean izan dituzten eraginak, gehienetan negatiboak, aztertzen ditu.

Hauek dira hain zuzen ere Jaronek sare sozialen kontra planteatzen dituen argumentuak (agian etorkizunean sakondu genezake euretariko bakoitza):

  1. Erabakimen askea galtzen ari zara.
  2. Gure garaiko zoramenari aurre egiteko modurik onena da.
  3. Idiota bihurtzen ari zara.
  4. Egia ahultzen ari dira.
  5. Edukiz husten ari dira zuk esaten duzun guztia.
  6. Enpatia izateko gaitasuna suntsitzen ari dira.
  7. Zoritxarrekoa egiten zaituzte.
  8. Ez dute nahi duintasun ekonomikoa izan dezazun.
  9. Ezinezkoa egiten dute politika.
  10. Zeure arima gaitzesten dute.

Nire balorazioa

Teknologiarekiko kritika zorrotzak gustuko badituzu, lehen momentutik harrapatuko zaituen liburua dela esango nuke. Gainera, modu oso errazean eta denok ulertzeko moduko hitzekin idatzita dagoela iruditu zait. Normalean gai tekniko-politiko-filosofikoak jorratzen direnean, are gehiago saiakera formatuan, liburu zati totxo ulertezin batzuekin aurkitzen gara. Idazleak zehazki zer esan nahi duen lerro artean irakurri beharrean aurkitzen garelarik. Ez da liburu honen kasua. Hitzaurretik hasita oso hizkera zuzen, ulergarri eta erabat zorrotzarekin aurkituko zara.

Mastodonen aipatu bezala gustu handiz irentsi dudan liburua da.

  • Alde onak: Ez zarela ludita izan behar teknologiaren inguruko kritika politiko zorrotzak egiteko. Hizkera argi eta zuzena daukala eta, hortaz, oso arin irakurtzen dela. Saiakera teknologiko-sozialean oinarritutako liburua izateko oso arin harrapatzen zaituela.
  • Alde ez hain onak: Agian arrazoi batzuek ñabardura handiagoa behar dutela. Ekonomiarekiko egiten dituen hausnarketak ikuspuntu oso neoliberal batetik egiten dituela iruditu zaidala.

Zorionez, saiakera batek planteatzen dizkizun argudio nagusiekin ados egoteko (edo barne hausnarketa kritiko bat egiteko), ez duzu zertan argudio guztiekin (ezta egilearekin) bat egin behar. Nahikoa da maila kritikoan irakurtzea eta norberaren ondorio propioak ateratzea.

Hau horrela, oro har, lan oso gomendagarria dela deritzot eta liburua irakurtzea eta zure ondorio propioak ateratzea gomendatzen dizut. Izan ere, blog bidalketa hau honaino irakurri baduzu, sare sozialen inguruko hausnarketa kritiko bat egin nahi duzulako izan behar du.

Eta zu, zer zara, txakurra ala katua?

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude