Blog bidalketa honi ezin zaio beste izenburu bat jarri.

Abenduaren 14an AEBetako FCC (Federal Communications Commission) erakundeak, sarearen neutraltasunaren kontra bozkatu zuen. Ez hori bakarrik, etorkizunean etor daitezkeen beste gobernu administrazio batzuen eztabaidak edo bozketak sailkatzeko asmoz, gai honen inguruko kontrol legegilea kendu zion bere buruari.

Gai potoloa da, beraz, goazen astiro.

Sarearen neutraltasuna zer den

Sarearen neutraltasuna Interneteko erabileraren oinarrizko kontzeptua da. Ondo baino hobeto dakizuen moduan Interneten informazioa trukatzeko paketeak erabiltzen ditugu. Zerbitzu bat (adibidez webgune edo FTP zerbitzari bat) erabili nahi dugunean, gure ordenagailuak mundu guztitik zehar bidaiatzen duten pakete batzuk bidaltzen ditu sarean zehar. Zerbitzu horra heldu arte. Zerbitzu horrek beste pakete batzuk bueltatu behar dizkio gure ordenagailuari erabilgarria izateko, eta funtsean, hori da Internet.

Sarearen neutraltasunak pakete horiek guztiak modu berean, eskubide eta betekizun berdinekin nahi baduzue, tratatu behar direla definitzen du. Nork, nondik eta nola bidaltzen dituen alde batera utziz, hau da, Interneten independentzia bermatzen du.

laborategia

Pakete horien lehentasuna, enpresa akordioek definitzen badute, ez bada guztiontzat berdina, akabo Interneten independentzia.

Erabaki honek erailtzaileongan duen eragina

Legislazio berri hau sortu nahi dutenen helburua, herritarrek Internet hornitzailea kontratatzeko aukera zabalagoa izatea ei da. Baina euren ahotik entzungo ez duzuena zera da: herritarren gehiengoak Internet kontsumitzeko hornitzaile aukera bakarra daukatela. Herritarren errealitatea, beraien etxeetara hornitzaile bakarra heltzen dela baita.

Aktibiston aburuz, ordea, funtsean bi abiadurako Internet sortzen du, alde batetik bidesaria ordaindu eta autobidetik joango diren enpresa handiena eta bestetik ordaindu ezin izanagatik mendi-bideetatik joango garen herritarrena.

sareko neutraltasuna

Irudia: Berria (lizentzia CC BY-NC-ND)

Hau guztia ezartzean, AEBko Internet hornitzaileek (adibidez, Comcast, Verizon eta AT&T-k) Interneteko zerbitzu jakin batzuen erabilera lehenetsi dezakete edo beste batzuk blokeatu (aurreikus daitekeenez P2P sareen trafikoa).

Etorkizunean egin daitezkeen akordio komertzialak medio, Youtubeko bideoak Vimeorenak baino azkarrago kargatzeko aukera izan dezakete, edo Bing bilatzailearen bilaketak Googleenak baino arinagoak izan. Eta argi utzi nahi dut, muga hori enpresek, euren artean, egin dezaketen akordio komertzialek jarriko dute. Irudikatu zuen barnerako zein abiaduran mugituko diren akordioak lortzeko aukera izango ez duten zerbitzuek: Guk, blogariok. Edo gure pribatutasun digitala bermatzen saiatzen den riseup.net kolektiboak.

Hau gutxi balitz, Internet hornitzaileei espekulaziorako beste bide bat irekitzen zaie: Internet zerbitzua telebista paketeak izango balira moduan saltzea. Hau da, Internet pakete bat bi eurotan WhatsApp erabiltzeko, ez ordea Signal. Beste pakete bat hamar eurotan, sare sozial komertzialak eta Google erabiltzeko, ez ordea Mastodom edo DuckDuckGO. Beste bat, berrogei eurotan Youtube eta Spotify erabiltzeko, ez ordea archive.org… eta zerrenda hau bukaezina izango litzateke. Egin ditzagun kalkuluak: aurreko adibidearekin jarraituz WhatsApp, Google eta Youtube erabili nahi badituzu hiru paketeak erosi beharko zenituzke ez gaur egun kontsumitzen duzun Internet konexio bakarra. Bi, hamar eta berrogei eurokoak, guztira berrogeita hamabi euro. Gaur egon ordea, ordaintzen duzun sare konexioarekin Internet guztia zure eskura daukazu. Eta ez hori bakarrik, gaur egun kontsumitzen duzun Internet konexioak ez du inongo zerbitzurik baztertzen (edo behintzat ez luke egin beharko). Lehia basati baten aurrean gaudela ematen du, ezta?

Vodafonek, Espainian egiten duen modu berean, sarearen neutraltasuna urratzen dituen berehalako mezularitza paketeak saltzea, edo udan ikusten ditugun Youtube bideoak zure mugikorrean kontratatuta daukazun giga kopuruan eraginik ez izatea, eguneroko ogi bilakatuko da AEBn.

Eta, askoz okerragoa da Europar Batasunak bide berdina jarraitu dezakeela pentsatzeak. Demagun AEBtan gertatu den gauza bera gertatzen dela (alderdi neoliberalek gora egiten dutela), Europar Batasunean sarearen neutraltasuna bermatzeko ematen den hurrengo bozketa galtzeko arriskua izango genuke.

Aktibistok egin dezakeguna

Oinarrian, munduko beste edozein eskubide urraketarekin egiten dugun bide berdina egin behar dugu. Lehenik eta behin informatu, eta horretako maila internazionalean lan egiten duten sarearen defentsaren aldeko taldeak ezagutu behar ditugu, hala nola, EFF (Electronic Frontier Foundation). Baina ezin dugu ahaztu Euskal Herri mailan blogari, kazetari eta aktibista oso burutsuak ditugula, eta esateko daukatena entzun beharko genukeela.

Hala izanik, euretariko bi hemen aipatu nahiko nituzke:

  1. Sarearen neutraltasuna bost galdera sinpletan, Joxe Rojas
  2. Agur, Internet, Edu Lartzaguren

Bigarrenik, bidegabekeria honen kontra protesta egitea ezinbestekoa da. Besteak beste, HTML lengoaia eta HTTP protokola sortu zuen Tim Berners-Lee bezalako pertsonek ere, ahotsa altxatzen hasiak dira.

Eta hirugarrenik, eta nire ustez ezinbestekoena, gure burua antolatzea da eta horretarako Euskal Herrian badira beste hamaikatxo talde.

Momentuz ez dago dena galduta, baina labankada itzela izan da Interneti eman diotena, eta Internet oinarrizko giza eskubide moduan ulertzen dugunok, oso arduratuta gaude bere etorkizunaz. Izan ere, honek aurrera egiten badu gaur egun ezagutzen dugun Internet, akabo.

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu: