Ikasturte berrian segurtasuna bermatzeko 5 proiektu

,
Segurtasuna bermatzeko udako bost proiektu
4/5 – (1 vote)

[puntueuskolaborazioa]

Oporretan? Pozten naiz ba! Seguru ondo merezitako deskantsua dela. Izan ere, ikasturte honen azken txanpa, urtarrila-abuztua, oso gogorra izan da askorentzat, gogorra baino luzea nire kasuan. Baina tira, udan gaude, baten batzuk oporretan. Hau idazten dudan bitartean eguzki izpi osasuntsuak sartzen ari dira nire etxeko leihotik eta katuari alboan dudan kaktus baten arantza sartu zaio laugarrenez paragrafo bakar hau idazten nagoen bitartean. Zure kasua ere bada… disfrutatu (edo barre egin). Lanean bazaude, tira etorriko dira garai hobeak 😛

Udan denbora dezente izaten dugu ikasturtean zehar burutu ezin ditugun proiektu txiki edo ekintzei denbora eskaintzeko. Gaurkoan pribatutasuna bermatzeko uda honetan burutu ditzakezun bost proiektu txiki edota ekintza interesgarri ekarri nahi dizkizut sarean.eus-era.

WordPresseko instalatzaile zaharrak esaten zuen moduan: Goazemank.

Bat: Instalatu Tails GNU/Linux USB unitate batean eta erabiltzen ikasi

Hack.in#badakigu informatika elkarteko “pribatutasuna herri mugimenduetan” tailerra hasi bezain pronto burutzen dugun lehen ekintza da, 4 edo 8 GB-eko USB unitate zahar bat hartu, jada dokumentuak sartzeko erabiltzen ez duzuna, eta Tails GNU/Linux instalatu. Oso erraza da, abiarazi zure ordenagailua LiveUSB bat erabiliz, Tailsen mahaigainean, berau USB unitate batean instalatzeko aplikazioa aurkituko duzu. Inbestigazio pixkat burutu eta nahi izatekotan behin-betiko sistema eragile bihurtu.

Bi: Sortu pribatutasuna bermatzen duen e-posta kontu berria

Bai, badakit oso erosoa dela Gmail erabiltzea, baina serio behar duzu ez dakit zenbat tonako e-posta kontu bat? Zure e-posta guztiak artxibatzea ezinbestekoa da? Erantzuna baiezkoa bada lasai, Google eta beste hirugarrengo askok sarbidea daukate zure e-posta eta kontaktuetara.

Zure pribatutasunak axola badizu ordea, e-posta hornitzailez aldatzea gomendatzen dizut. Hona hemen Estatu Batuetako kolektibo anarkista batean e-posta kontu bat irekitzeko aukera eskaintzen duen esteka: riseup.net. E-posta kontu hori Europan mantendu nahi baduzu, Italiako beste kolektibo honen helbidea ere emango dizut, bada ezpada: autistici.org. Zuk erabaki.

Riseup-en kontua sortzeko bi gonbidapen beharko dituzu, eskatzen badidazu, nik bat bidaliko dizut eta seguru zure inguruan galdetzen baduzu bigarrena ere eskainiko dizutela.

Hiru: Sortu GPG giltz parea zure e-posta pribatu berrirako

Gutunak bidaltzen genituenean gutun-azal batean sartzen genituen. Baina gaur egun e-posta bat bidaltzen dugunean hondartzatik bidaltzen genuen postal bat izango bailitzan egiten dugu bidalketa, hau da, gutun-azala erabili gabe. Adibide honekin jarraituz, GPG teknologiak gure e-postak gutun-azal digital eta zifratu batean sartzeko aukera eskaintzen digu. Norekin probatu ez badaukazu hemen duzue nire gako publikoa.

Lau: Instalatu eta erabili F-Droid zure Android gailuetan

F-Droid artikulu honetan aipatu nuen Android sistema eragilea duten gailuetan software librez bakarri hornitzen den errepositorio librea da. Ehunka aplikazio aurkituko dituzu eta gehienek software librea izateaz gain, zure pribatutasuna bermatzeko aukera ere eskainiko dizute.

Android sistema eragileetan niretzat ezinbesteko software libre zerrenda osatu nuen aspaldi. Nahi izanez gero goiko estekan klik egin eta irakurri.

Bost: Kendu WhatsApp eta hasi Signal erabiltzen lagunekin txateatzeko

Signal, WhatsAppen funtzioak betetzen dituen aplikazio libre bat da Android eta iOS sistema eragileentzat eta hori gutxi balitz GNU/linux, Mac OS eta Windows sistema eragileetan erabiltzeko aukera eskaintzen du. Aplikazio bi hauek desberdintasun nabarmen bat dutelarik: Signalek WhatsApp baino askoz hobeto bermatzen du zure pribatutasuna. Probatu.

Bonus bezala, Facebook kontua ezabatzeko argudio batzuk jarriko nituzke, baina luzatzen hasia naizenez eta gai mamitsua denez, hurrengo baterako utziko dugu, ados?

Disfrutatu oporrak, ahal bezain besteetan Internet konexioa ebaki eta gozatu herriko plazan lagunekin garagardo batzuk edaten, beroa arintzen laguntzen dute eta oso osasuntsuak omen dira. Hurrengo ikasturtean hemen aurkituko gara, berriz, software eta teknologia libreen inguruko hausnarketak egiten.

Bitartean, segi ondo.

* Artikulu hau idazteko ez da animaliarik mindu 😉

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude