Rate this post

[puntueuskolaborazioa]

Azaroaren 9an software librearen afera aztertzeko mahai inguru batera gonbidatu ninduen ISF-MGI Euskadik (Mugarik Gabeko Ingeniaritza). Mahai inguru horren helburua, software librea, eta oro har teknologiak libreek, garapenerako lankidetzan izan dezakeen onurak aztertzea zen. Eta lan horretarako Mastodon.eus-en ikus dezakezuen eskema hau jarraitu nuen. Mahai inguruan esan nuen lehenengoko gauza, modu eraikitzailean (nola bestela?), mahai inguruaren izenburua oker zegoela izan zen. Bertan berba egin behar genuen gehienok software librearen aldeko aktibistak ginen eta mahai-inguruaren izenburua open source teknologiak aipatzen zituen. Hortaz, eskema bi minutuz alde batera utzi eta software librearen eta open sourcearen arteko desberdintasunak azaldu nituen. Edo behintzat, saiatu nintzen.

Honi gehitu nahi diot, euskararen egunean Teketenek tut hau idatzi zuela eta nire ustez oso interesgarria den artikulu honekin erantzun niola. Bertan ere, gaztelaniaz, ideia honen ingurua sakontzen da. Eta software librea ikuspuntu interesgarri batetik aztertzen da: antifaxismoa. Irakurketa gomendatzen dizuet.

En fin, hau da gaurko artikulu hau ulertzeko sarrera txikia. Aldez aurretik esan behar dizuet gogo itzela nuela honetan zuekin sakontzeko eta agian pixka bat luzatuko naizela. Izan ere, gai honen inguruan uste arraroak eta gaizki ulertuak daudela uste baitut. Modu berean, ez dut uste nahita egiten dugun zerbait denik, seguru asko, ez baitigute inoiz azaldu software librea eta open sourcea ez dela gauza bera.

Software librea zer den

1983. urtean hasi zuen Richard Stallman estatu batuarrak GNU proiektua. Orduz geroztik, software librearen aldeko erakundeen artean erreferentzia gehien duen erakundea da eta software librearen oinarriak definitzen ditu.

Software librea software libre bezala katalogatzea ezin da errazagoa izan, hurrengo lau askatasunekin bat egin behar du (guztiekin):

  1. Helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea.
  2. Aztertu eta aldatu ahal izatea
  3. Kopiatu ahal izatea.
  4. Hobetu, eta hobekuntza horiek publiko egin ahal izatea, komunitatearen onurarako.

Open sourcea zer den

Open sourcea, edo Kode Irekia, 1998an jaio zen. Urte honetako otsailean Bruce Perens eta Eric S. Raymondek software librearen aldeko komunitatearen erabiltzaile batzuekin batera open source terminoa adostu eta opensource.org webgunea publikatu zuten. Asko laburbilduz, erabiltzaile hauentzat ingeleseko Free terminoa anbiguoegia zen berau definitzeko. Ingelesez Free hitzak bi esanahi nagusi ditu: askea edo doakoa. Open source komunitatearen ustetan Free terminoa doakotasunarekin nahasten hasiak ziren erabiltzaile askok.

  • Birbanatze librea: softwareak erregalatu edo saldu daiteke libreki.
  • Iturburu-kodea: iturburu-kodea barneratua egon behar da, edo libreki eskuratu.
  • Lan deribatuak: aldaketen birbanatze baimenduta.
  • Egilearen iturburu-kodearen osotasuna: lizentziek eskatu ahal dute aldaketak birbanatu daitezen bakarrik adabaki gisa.
  • Pertsonen edo taldeen bereizketarik gabe: inor ezin da kanpoan utzi.
  • Ekimen areen bereizketarik gabe: erabiltzaile komertzialek ezin dira baztertu.
  • Lizentziaren banaketa: programa jasotzen duten guztiei eskubide berberak aplikatu behar zaizkie.
  • Lizentziak ezin du produktu baten berariazkoa izan: programa ezin da bakarrik lizentziatu banaketa handiago baten parte gisak.
  • Lizentziak ezin du murriztu beste software bat: lizentziak ezin du behartu software irekiarekin banatzen den beste software bat kode irekikoa izatera.
  • Lizentziak teknologikoki neutrala izan behar du: lizentziaren onarpena ez da eskatu behar saguaren klik batez edo softwarearen euskarriaren menpeko beste berariazko forma batez.

Desberdintasunik?

Begi bistakoa denez, software librearen aldeko mugimenduak softwarearen alde etiko eta moralak nabarmentzen ditu. Eta alde ekonomikoa, bigarren maila baten kokatzen du, ostera, open source mugimenduak lehentasuntzat jotzen du aspektu tekniko eta ekonomikoa.

Bigarren desberdintasun nabarmen bat erakustearren, eta agian desberdintasunik nabarmenena da, software librearen aldeko mugimenduarekin iturburu kodea, eta beronen eratorriak, beti izango dira askeak, open sourcearekin ez bezala. Eta hau hala da, software libreko lizentzia guztiek softwarearen askatasuna bermatzen dutelako, open sourcearen lizentzia batzuk egiten ez ez duten bezala.

Oinarrian argumentu bakarra defendatu nahi dut, eta oso sinpleki egingo dut nahiko luzatzen ari naizelako: Software librearen askatasunek jarrera moral eta filosofiko bateri erantzuten diote, jarrera politiko bati. open sourcearenak merkatuaren behar izan bati.

Guzti honek open sourcea txarra dela esan nahi du?

Ez, inondik inora. Guzti honek gauzak ganoraz adierazi behar direla besterik ez du esan nahi (ez esazue egin, ezjakintasunagatik bada ere, nik mastodon.eus Argia blogetan aurkeztu nuenean artikuluaren izenburuarekin egin nuena). Software libreak askatasunaren inguruan egiten du berba. Eta software librearen aldeko mugimendua jarrera politiko (etiko eta moral) bat da. Ez da zilegizkoa horren mugimendu anitz, zabal eta ezinbestekoa, merkatu paradigmetan bakarrik aztertzea open source terminoak eskatzen duen moduan.

Eta bueno, hona heldu baldin bazara: zorionak! Txapa nabarmenak irakurtzeko gaitasuna erakutsi duzu.

Azken ideia bat lotu nahi nuke guzti honekin, eta oso labur egingo dut.

  • Software libre guztia open source era bada.
  • Open source guztia ez du zertan software librea izan behar.

Artikulu hau idazteko hurrengo baliabideak erabili ditut, sakontzeko gogoz geratu bazara azken loturaren irakurketa gomendatzen dizut, bigarrenez gaurkoan ?

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu: