Software librearekin lan egiten dugunok beti gabiltza beste plataforma batzuetako erabiltzaileak gurera erakarri nahian, izan ere, gure ustez teknikoki zein filosofikoki onena den softwarea baita.

Azken urteotan berrikuntza ikaragarriak izan ditu software libreak, adibidez, Ubuntu GNU/Linux bezalako banaketek maila tekniko altua ez daukaten erabiltzaileak software librera erakartzea ahalbideratu du. Besteak beste, Ubuntuk, interface grafikoetan egindako eguneraketa eta inbertsioak, GNU/Linux aisialdirako edo lanerako egunero erabiltzeko aukera eskaintzen digu.

Are gehiago, gaur egun ezinbestekotzat jotzen dugun Internet ez zen inondik ere bideragarria izango software librea erabili gabe. Jakin gabe, egunero software librea darabilgu, irakurtzen ditugun webgune eta sare sozialek (Google, Facebook, Twitter edo YouTube bezalako plataformek adibidez)  software librea erabiltzen dute haien sistemak 24 orduz 365 egun martxan izateko.

Edozein kasutan, erabiltzaileon behar izanetara bueltatuz, Ubunturen azken bertsioa aurkeztuko dizuet, baina, hasi aurretik kultur orokor pixka bat Ubuntu nondik datorren uler dezazuen.

Ubuntu sistema eragilearen garatzaile nagusia 500 langile dituen Canonical enpresa da. Canonical, helburu argi batekin aurkeztu zen GNU/Linux panoraman: munduko edozein erabiltzaileari, bere gaitasun teknikoa zein den kontuan hartu gabe, GNU/Linux sistema eragilea egunerokotasunean eta modu ezin erraz baten erabiltzeko moduko sistema eragile librea eskaintzea.

Ohiko moduan, Canonical enpresako garatzaile taldeak izen berezi xamar bat aukeratu du Ubunturen 16.04 LTS bertsioa izendatzeko: Xenial Xerus klabe izena, urtxintxa adiskidetsua, alegia. Izen honekin, beraz, LTS (Long Time Support) izango den sistema eragilea aurkeztu zuen apirilean. Bertsio honek, berrikuntza interesgarriak dakarzkigu atal teknikoari erreparatzen badiogu. Edozein kasutan, aspergarria ez izateko, ez naiz honetan tematuko.

Zer lortuko dugu zehazki Ubunturen bertsio hau instalatzen badugu?

  • Erabiltzaile askori guztiz erakargarria iruditzen zaien Unity ingurunearen azken bertsioa.
  • Egungo behar izanetara moldatzen den software eguneratua.
  • Bost urtez doako software eguneraketak izango dituen sistema eragilea.
  • Eguneroko lana betetzea ahalbideratuko duen GNU/Linux banaketa.
  • Internet bitarteko laguntza tekniko ugari duen softwarea.

Laburbilduz, eguneroko lanean aritzeko zein azken hardware desberdina kudeatzeko driver arazorik emango ez digun sistema eragilea. Guzti hau musu-truk.

Beraz, zuetako baten bat konbentzitzeko gaitasuna izan baldin badut, joan gaur bertan Ubunturen orrialde nagusira edo Ubuntun oinarrituta dauden Kubuntu, Xubuntu edo Ubuntu MATE banaketen orrietara, sistema eragilea dohainik deskargatu eta hasi gaur bertan GNU/Linux erabiltzen.

Instalatu, eman ta zabal zazu.

Gustuko izan duzu? Elkarbanatu: