[puntueuskolaborazioa]
Utzidazue iritsi artikulu bat idazten, nire aurreko kolaborazioak iritsiak izango ez balira moduan ulertu. Baliteke blog bidalketa hau irakurtzen amaitzen duzuenean Dabid izendun sarean.eus-eko kolaboratzaile honi, herriko plazan harrika egiteko gogoa piztea. Gaur egungo herriko plaza Twitter da. Hortaz irain digitalak bakarrik mesedez, eskerrik asko 😉
Dagoeneko jakinaren gainean egongo zarete: Ubuntu 17.04 izango da Unity mahaigain ingurunea erabiliko duen azken Ubuntu bertsioa, hortik aurrera GNU/Linux banaketa ezagun hau, Gnome erabiltzera pasatuko da.
Ubunturen aztarnen bila
Urte andana ibili naiz Ubuntu erabiltzen, badira hamar urte sistema eragile bakar bezala erabiltzen dudala, hau da, nire egunerokotasunean ez dudala ez Windows ezta Mac OS erabiltzen. Eta GNU/Linux munduan Ubunturekin hasi nintzen. Ubuntu eta Gnome, nolabait esatearren, Windows XP-a izan da GNU/Linux banaketen munduan, hau da, gehienok erabiltzen genuen banaketa.
Canonical enpresa izan zen Ubuntu GNU/Linux banaketaren sortzailea, Manen (Isle of Man) kokatuta dagoen enpresa honek edonork erabiltzeko moduko GNU/Linux banaketa sortzea zuen helburu. Bere helburuak lortu zituen. Lortu zituen.
Ubunturen azken-aurreko erabakiak
Bere garaian, konbo irabazlea osatzen zuen erabakia albo batera ustea erabaki zuen Canonicalek. Hau da, Ubuntu + Gnome, Ubuntu + Unity bihurtu zen. Beraien esanetan interoperabilitatearen mesedetan. Erabiltzen ditugun gailu guztietan, ordenagailua, tableta, smartphona… itxura berdindu batekin erabiltzearen aldeko apustua egin zuen Canonicalek, hori da hain zuen ere, besteak beste, interoperabilitate famatua. Beste askok, tartean Windows, egin duten modu berean.
Ubunturen akatsa
Ubuntuk gauza on asko egin ditu bere historian zehar, besteak beste GNU/Linux gaur egungo merkatu kuotaren % 2-a lortzeko oinarriak jarri: GNU/Linux erabilgarria izan behar zuen, ezin genuen bost orduko instalazio bat jan eta ikasketa kurba handitu. Izan ere edonork, informatika gustuko ez dutenak barne, egunerokotasunean software librea erabiltzea lortu behar genuen. Ekarpen oso ona egin zuen Ubuntuk.
Baina… (hasi Twitterren saioa hasten), ez! Ez dut berdin lan egiten nire eramangarriarekin, tabletarekin edo smartphonarekin. Punto. Ez dut mahaigain berdina behar. Ez dut mahaigain berdina nahi. Behintzat momentuz (eta I+G+i inbertsio asko egin beharko da bitartean).
Nire eramangarriak 21 hazbeteko pantaila bat dauka konektatuta, eta konektatuta ez dagoenean 13 hazbete ditu. Ez da tablet bat, eta ez dut tableta bat izango balitz moduan berarekin lan egin nahi. Ez da erabilgarria. Eta smartphonarekin, en fin, alderatze hutsak barregura ematen dit.
Nire smartphonean Android daramat, eta hala jarraituko du guztiz software librea ez den sistema eragile bat aurkitzen ez dudan bitartean. Nire ordenagailuan Debian daramat, eta horrela jarraituko du Debianen esfortzu guztiak Unity-ra pasatzen ez diren bitartean (eskerrak hau ez dela inoiz gertatuko). Pozik nago nire smartphonean Android erabiltzen eta oso erabilgarria iruditzen zait nire Debian ordenagailuan. Ez nuke nire smartphonean gaur egun ezagutzen dudan Debian instalatuko eta ez nuke inoiz nire mahaigainean gaur egun ezagutzen dudan Android instalatuko. Debian ez dagoelako prest smartphonean erabiltzeko eta Android ez dagoelako prest zortzi orduz berarekin lan egiteko.
Baliteke interoperabilitatea ez ulertzea. Eta bai, badakit mahaigain ingurune bat baino askoz gehiago dela.
Datuak dira
Ubuntu GNU/Linux banaketarik erabiliena izan zen urte askoz 2005-2011, eta ez diot nik, DistroWacht-en datuak dira. Canonical Unity inposatzen hasi zenean bigarren postura jaitsi zen 2011an, gero hirugarrena 2015ean (tartean LTS bat zegoela), gaur egun laugarrenean dago Mint, Debian eta Manjaroren azpitik.
Unity 2010ean irten zen merkatura, Ubuntu 10.10ean Unity Alpha bertsioan zegoen, 11.04ean deskargatzen ziren Ubuntu gehienak Unity zekarten, nahitaez. Eta ez zen komunitatearentzat erraza izan beste mahaigain batzuk sartzea (azken hau bada interpretazio pertsonala, ez datu bat, eta beste 5000 karakteredun artikulua idazteko ematen dit).
Etorkizunak ateak irekitzen ditu
Nire ustez, Canonical-ek erabaki ez egoki bat hartu du oraingoan ere, zerbitzarietan zentratzea, erabiltzailean egin behar zuenean. Bederatzi urtez GNU/Linux banaketarik erabiliena izan zarete ordenagailu pertsonalen merkatuan, horrek ez dizue ezer adierazten?
Baina tira, aukerak ere zabalduko dira Ubunturentzat. Izan ere big data, birtualizazioa, cloud computing-a… bogan daude eta Canonical bere burua bertan posizionatu nahiko duela suposatzen dut. Horrek onurak irekiko ditu beste GNU/Linux banaketentzat eta orohar software librearen komunitatearentzat.
Azken aurreko erabakietatik zerbait ikasi dugu. Zerbait ikasi behar izan dugu.
Zorte on Ubuntu. Begiratu gora, ikusten al duzu Red Hat?
Utzi erantzuna